Mende: oroitzapen gozoa

2011ko azaroaren 11. Data horren harira albiste iturri bilakatu zaigu ONCE txirrindularitza taldea izandakoa. Izan ere, talde hartako partaide ohi asko mahai baten bueltan elkartu dira. Tropelzale asko, gazteak zaretenez, ez zenuten taldea ezagutuko, edo akaso ez duzue oroituko haren bilakaera. Hamaika garaipen lortu zituzten Manolo Saizek zuzendutako ziklistek. Pixka bat zaharragoak garenok ondo gogoratzen ditugu talde horren balentriak. Nik, bereziki, 1995eko Tourrekoak.

Saizek bi lider eraman zituen 1995eko Tourreko sailkapen nagusia lehiatzeko: Zulle eta Jalabert, eta haien mesedetan lana beltz egiteko oso ziklista aproposak, tartean Bruyneel. Jalabertek Tourra hasi eta berehala jantzi zuen mailot horia. Handik bi egunera baina, erantzi behar izan zuen. Bruyneelek eman zion lehen etapa garaipena taldeari. Liejera bidean, Indurainek erasoa jo eta belgikarra izan zen nafarraren erritmoari, suari, eutsi zion bakarra. Etapa eta mailot horia Bruyneelentzat. ONCEk zuen, ostera ere, lasterketaren aginte makila. Hurrengo egunean, erlojuz kontrako etapan, zaplastekoa. Gogorra gainera. Indurainek alde handia atera zien nola Zulleri ala Jalaberti. ONCE baina, ez zegoen amore emateko prest, eta alpeetako lehen etapan, La Plagnera bidean, Zullek erakustaldia eman zuen. Etapa irabazi zuen eta Indurainen aurkari nagusi bihurtu zen.

Bruyneel eta Zulleren garaipenek gozatu zuten Tourraren lehen erdi hura, baina oraindik suziriak bazituen ONCEk ondo gordeta. Suziri nagusiak frantziarrentzat hain berezia den egunean, uztailaren 14an, erre zituzten. Mendera bidean, Erdialdeko mendikatean sekulako erakustaldia eman zuten. Indurain liderra oso estu hartu zuten, urrutitik jotako erasoari esker. Ezin izan zuten mailot horia eskuratu, baina Jalabertek etapa irabazi zuen. Handia egin zuen Mazameteko ziklistak, benetan, Stephens eta Mauri taldekideen laguntzarekin.

Azken sailkapenean, Zulle bigarren sailkatu zen Indurainen atzetik eta Jalabert laugarren izan zen. Ez da ahaztu behar Jalabert oso iaioa zela egun bateko lasterketetan eta itzuli txikietan, baina itzuli handietan ez zuela ordura arte horrelako mailarik erakutsi. Zulle ez zen izan Parisko podiumera igo zen ONCEko kide bakarra. Jalabertek mailot berdea eskuratu zuen, eta taldekako sailkapena ere etxeratu zuten. Urte hartako erakustaldia ikusita, 1996koa ONCEren Tourra izango zela pentsatzen zuten askok, baina Indurainen egun beltzean, Les Arcs-era bidean, Jalabert eta Zulle ere hondoratu ziren. Zulo beltzean sartu ziren. ONCE itzuliko zen urte batzuk geroago Tourreko podiumera, Joseba Belokirekin, baina Tourra irabazi gabe joan zen txirrindularitzatik.

Batzuek maitatu eta beste batzuek gorrotatu. Manolo Saiz izan zen ONCE taldearen gidari. Puerto auziak baina lurperatu egin zuen 2006an eta ordutik ziklismotik urrun izan da. Behin baino gehiagotan zabaldu da itzuliko zela, baina oraingoz zurrumurrua ez da albiste bilakatu. Edozein modutan, bolo bolo ibilitako datak oroimenari hautsa kentzeko balio izan du nire kasuan behintzat.