Hiru asteko itzuli bakarrerantz?

Arreta beste toki batera joan zaigu aste honetan. Txirrindularitza bigarren mailan geratu da. Hala ere, politikaren zurrunbilotik irten eta txirrindularitzari helduko diogu plaza honetan, aste honetan bertan aurkeztu baitute 2012ko Tourra. Ibilbidearen xehetasunak argitara eman zuten egun berean –berez aurreko astean zabaldu zen ibilbidea- Gorka Gerrikagoitia Euskalel Euskadi taldeko zuzendaria elkarrizketatu zuten han ea hemen. Gerrikagoitiak esan zuenez, 2012ko denboraldiko planifikazioa ez dute guztiz zehaztu, baina aurreratu zuen Vuelta izango dela Igor Antonen helburu nagusia, eta beharbada bakarra, hiru asteko itzuliei dagokienez. Alegia, ez dela ez Giroan ez Tourrean egongo.

Tourreko ibilbidea ez omen dute egoki ikusten talde laranjako arduradunek Antonentzat. Kilometro gehiegi erlojupekoetan. Hein batean, ulergarria izan daiteke Tourrak eta Igor Antonek bat ez egitea 2012an. Giroa bazter uztea deigarriagoa da. Antonek Zoncolaneko etapa irabazi du aurten Italiako Itzulian, baina zuzendariak adierazi duenez, Antonek Giroan pasada handia hartu zuen eta horrek kalte egin zion galdakaoztarrari Espainiako Vueltan –akaso Liquigasek beste horrenbeste pentsatuko du Nibali Vueltan uste bezain ondo izan ez zela ikusirik-. Edozein modutan, planifikazioa ez dago guztiz itxita eta akaso, denboraldiko lehenengo itzuli handiko atea ez dute guztiz itxi. Esan gabe doa hiru asteko itzuli bakarrean parte hartuko balu ere, aukera asko izan litzake Antonek beste proba batzuetan dir-dir egiteko: Paris-Nizan, Euskal Herriko Itzulian, Ardenetako lasterketetan, Dauphine Liberen edo Suitzako Itzulian…

Hiru asteko itzuli bakarrean aritzea nazioarteko ziklismoan zabaltzen ari den joera da. Aurten, adibidez, Schlecktarrak eta Evans Tourrean baino ez dira lehiatu. Contadorrek esana du Giroan ez duela parte hartuko datorren urtean, ohartu baita oso zaila dela uztailean onena ematea Italian jo eta ke jardun eta gero. Beste irakurketa bat egin daiteke: Italiako Itzulian borrokatutakoek oso zail dutela Giroan aritu ez direnen pare egotea. Contador izan da Tourra lehiatu duten oilarren artean Girora joandako bakarra. Evansek eta Schleckek Giroan parte hartu izan balute, ziurrenik Contadorrek Tourreko podiumean bukatuko zukeen. 90ko hamarkadako txirrindularitzan besterik zen; Indurain eta Chiapucci Giroan egon eta gero iristen ziren Frantziako Tourrera eta Rominger Espainiako Vueltan izaten zen –artean udaberrian jokatzen zuten-.  Bi hamarkada eskasetan ziklismoak izandako bilakaeraren lekuko.

Argazkia: Tropela.net