Tropela Elkarteak hamaika sari banatu ditu eta potoloena, Azkoitira

Koldo Fdez de Larreak ioslarrari iPad 2a ematen
Tropela Elkarteak sari banaketa ekitaldia egin zuen Zarauzko Merkatu plazan eta hirugarren urtez jarraian Azkoitira doa Tropelako sari nagusia. Ekitaldian bertan 2011ko Urteko Sailkapeneko irabazlearekin solasean aritzeko aukera izan nuen. Jarraian duzue elkarrizketak eman zuena.

Milagros Sudupe azkoitiarrak jaso zuen sari nagusia, Apple etxearen azken tablet zoragarria,  iPad 2a. Milagrosek aitortu zigun bere iloba, Ioseba Larrañaga, arduratu dela taldea egiteaz. Josebak, bere aldetik, orotara zazpi talde kudeatu dituela azaldu zigun. Sari banaketa aurreko egunetan gori-gori izan da eztabaida Tropelaren blogean kakalardoak zirela eta ez zirela. Honatx Iosebaren ikuspuntua: “Argi dut arauak bete ditudala, eta blogean izandako iruzkinei esker oso babestuta sentitu naiz. Sariarekin gustura nago, baina lortutako babesarekin are gusturago”.

Datorren urterako, bere ustez, Tropelak ez luke saririk eman beharko: “Askok eta askok hainbat tropeltxotan parte hartzen dugu eta horietako askotan nahikoa sari badira”.

Bide batez, haren arrakastaren gakoaz galdetu genion: “Asko irakurtzea oso garrantzitsua da, segimendua egitea, ziklistak sasoian noiz dauden jakiteko. Giroa edo Tourra hasi aurreko egunetan txirrindulariei eginiko elkarrizketak oso argigarriak izaten dira”. Ioseba Larrañagak esan zigun izebaren izenean eginiko kinielekin denboraldi osoa sailkapen nagusiaren goialdean eman duela, nahiz eta Tourrean behera egin zuen: bere kinielako ziklista batzuk erorikoen erruz erretiratu egin zirela oroitu zuen.

Zale azkoitiarrak gaineratu zuen zoriak berak ere baduela zer esana: “Jende asko dago asko dakiena eta zorteak eragin handia du; puntu asko emango dituen ziklista bat erortzen bazaizu puntu asko joaten zaizkizu eta horrenbeste aditurekin zaila da buelta ematea”.

Sari banaketa ekitaldiko argazki guztiak  Tropelaren Facebook-eko orrian dituzue ikusgai. (Argazkilaria: Loraine Lekuona)