2012ko Frantziako Tourraren ibilbidea (filtrazio baten bidez)

Filtrazio baten bidez jakin dugu Frantziako Tourraren 2012ko ibilbidea. Badirudi huts informatiko batek behin-behineko itzulia jarri duela ASOren web orrian ordu erdiz (nahiko denbora interneteko erabiltzaileek ikusteko eta ondoren sare sozialen eta komunikabideen bidez hedatzeko). Giroak ere izan ditu bere filtrazioak baina denboraldiko lehen itzuli handiaren ibilbidearen analisia beste baterako utziko dugu.

2012ko Frantziako Tourrak 21 etapa izango ditu, aitzin etapa barne. Aitzin etapa horrek 6 kilometro izango ditu eta badirudi taldekako erlojuz kontrako saioa izango dela Liejan. Handik Parisko helmugaraino 3479 km. egin beharko dituzte txirrindulariek. Ematen du azken urteetako Tourrik arinenaren edo goxoenaren gaudela. Horrek esan nahiko du etapa gogorrenetan txirrindulariek ikuskizuna emateko aukera handiagoak izango dituztela indar gehiago izango dutelako? Batek daki.

Alpeetan bigarren astean sartuko dira eta 11. etapan goian amaituko diren bi amaieratako bat izango dute, Les Sybelles-en hain zuzen ere. Goian amaituko duten bigarren etapa 17.ean izango da, Peyragudes-en, Pirinioetan. Gune honetara lasterketako azken astean iritsiko dira. Guztira 25 mendate igoko dira, 6 Alpeetan eta 11 Pirinioetan.

Ibilbidearen lehen analisi batean azpimarratu behar da erlojuz kontrakoaren kilometro kantitate altua aurreko urteko edizioekin konparatuz gero. 90 kilometro bakarkako lanean bi saiotan banaturik. Lehenengoa lehen atseden egunaren bezperan bederatzigarren etapan, 38 kilometrokoa, eta bigarren saioa itzulia amaitu bezperan 52 kilometrokoa -oso luzea.

Pertsonalki asko gustatu zait txirrindularitza klasikorako itzuleraren joera. Zergatik? Tropelako kiniela egiterakoan buruhauste handi bat izango dugu: noren alde egingo dugu apustu: igotzaile edo erlojuz kontra ondo moldatzen denaren alde? Mendian ondo ibiltzen direnak erasora jo beharko dute daukaten aukera guztietan (Schleck anaiak) eta erlojuz kontra ondo moldatzen direnak defentsa gogor bat egin beharko dute beraien aukerak izateko garaipena lortzeko (Evans, Wiggins). Momentuz, ez dakigu garaipenerako faborito nagusia izan daitekeen Alberto Contador Liejako irteeran izango den. Aurki izango du orain dela urtebete baino gehiago emandako positiboaren kasuaren ebazpena.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.