Tourreko multzoen azterketa: besteak

12 txirrindulari aukeratu ostean, kiniela osatzeko azken urratsa baino ez zaigu geratzen. Besteak multzoko sei ziklista aukeratzea. Talde zabala, inondik ere, 100dik gora txirrindulari ditugulako aukeran. Nondik jo? Ba, tropelazale gehienek Cancellara, Sylvain Chavanel, Gadret eta Voeckler begiz jo dituzte.

Suitzarrak bere herrialdeko itzuliko erlojupekoak irabazi zituen, eta litekeena da Tourrean bigarren etapatik, taldekako erlojuz kontrako etapatik hastea puntuak pilatzen. Sylvain Chavanel ere sasoiko dago, Frantziako Txapelketa irabazi berri baitu. Bere bi herrikideei dagokienez, Voeckler jo eta ke aritu zen Dauphinen eta Tourrean, ezbeharrik ezean, ez da geldi egongo. Hori ziur. Gadretekin duda gehiago ditut. Giro bikaina egin zuen; etapa irabazi eta sailkapen nagusia lehiatu zuen. Tourrean, ordea, oilar asko dago eta horien guztien artean bere txokoa lortzea ez da erraza izango.

Badira orain artean zaleen arreta hainbeste deitu ez duten txirrindulariak. Horietako bat da Saxo Bankeko Chris Anker Sorensen. Leopardeko Gerdeman alemaniarra ere ziklista interesgarria izan daiteke puntu zakua betetzen laguntzeko. Baita Rabobankeko Ten Dam. Gehiago? Gerrans Sky taldeko australiarra eta Astanako Iglinskiy ez dira herrenak, ez horixe. Ezta Di Gregorio frantziarra ere. Astanako kide izanik Vinokourov eta Kreuzigerren mesedetan lan egin beharko du, baina Tourra, jakina, bere itzulia da, eta ziur bere aukeratxoa bilatuko duela. Etaparen batean dir-dir egiten saiatuko da, alegia. Eta beste horrenbeste esan daiteke beste ziklista frantziar batzuei buruz, Ribloni, El Fares, Pauriol, Rolland eta Gallopini buruz, esate baterako.

Lang alemaniarra, Samoilao bieloerrusiarra eta Poels holandarrak ere kiniela osatzeko aukera onak izan daitezke. Zuen tartea hartu, beraz, menuaren azkenburua ondo pentsatzeko. Harribitxirik ez da falta.