Sanchezek irabazi du Arraten; Itzulia, airean

Euskaltel-Euskadi taldea, iaz bezala, ez da esku hutsik joango etxeko itzulitik. Sanchezek irabazi du Arraten. Movistar taldeko Tondok erronka bota du Arrateko maldetan, baina haren atzetik zihoan bederatzikoteak harrapatu du azken kilometroetan. Larunbateko erlojupekora 10 ziklista iritsiko dira 10 segundoren bueltan, ostiraleko etapan inork ezustekorik ematen ez badu behintzat.

Duarte kolonbiarrak bota du lehen suziria Arraten –zale andana elkartu da-. Hura harrapatuta Franck Schleckek eta Tondok jo dute aurrera eta baita zulotxoa ireki ere. Tondok erritmoa azkartu eta Schleck atzean utzi du ustekabean. Kataluniarrak 10 bat segundoko abantaila polita pilatu du, baina haren atzetik zetozenek, lasterketako ziklista indartsuenek, ezer ezean utzi dute alde hori. Vinokourovek gaur ere borrokarako grina erakutsi du, eta RadioShackek euste lana egin du, batik bat. Sanchezek ondo baino hobeto ezagutzen du Arrateko ailegaera –iaz nagusitu zen- eta azken bihurgunean aurreneko postuan sartuta gailendu da.

Eta hemendik aurrera, zer? Bada maldak aldeak zabaldu ez dituenez, hamar ziklista iritsiko dira orpoz orpo Zallako erlojupekora. Rodriguez da lider, baina ziurrenik berak du aukera gutxien Itzulia irabazteko, erlupekoan ez delako batere trebea. Denbora berean dira Kloden eta Sanchez. Alemaniarra da faborito, batik bat kontuan hartuta duela bi aste eskas Nazioarteko Kriteriumeko erlojuz kontrako saioan nagusitu zela. Baina Sanchez ere ez da hankamotza erlojupeko gorabeheratsuetan, eta Zallakoa halakoxea da. Eta Hornerrek ere, Klodenen taldekidea izanda da, ahaleginak eta bi egingo ditu; iaz, Orion estatubatuarrak irabazi zuen azken erlojuz kontrako saioa. Erne beraz… Eta hori gutxi balitz, Hesjedal, Tondo, Gesink, David Lopez, Beñat Intxausti eta Vinokourov 10 segundoren bueltan dira. Tondo trebe samarra da bakarkako lanean, Beñat Intxaustik podiuma duela helburu esan du, Vinokourov ere erlojuz kontra erakustaldirik emandakoa da… Bai, Klodenek du aukera gehien haren curriculumari begiratuta, baina zaila eskua sutan jartzea inoren alde.

Argazkia: cyclinginside.com