Oilar askoren artean aukeratu behar

Egun bakarreko lasterketa guztietarako bezala, erronka handia izango da benetan, Donostia-Donostia klasikoaren kinielarekin asmatzea. Dena dela, izen ezagunik ez da falta parte hartzaileen zerrendan.

Gilbert da aipatu beharreko lehen izena. Hura jaun eta jabe izan zen Ardenetako Hirukotean, aurtengo udaberrian, eta Tourreko lehen etapa eskuratu zuen. Donostiara irabazteko asmotan etorriz gero, lehian egongo da, Jaizkibel eta Arkale ez direlako nahikoak hura bezalako ziklista bat jokoz kanpo uzteko. Hushovd norvegiarra ere erakustaldiz erakustaldi ibili da Tourrean, eta bereziki gogoangarria izan zen Lourdesekogaraipena Aubisque igarota. Aurreko taldean sartzen bada, faborito bilaka daiteke, baina hasiera batean behintzat, Gilbert baino koska bat beherago dago, aintzat harturik azken 90 kilometroetan igo beharreko aldapak.

Tourrean egon ostean gure errepideetara etorriko direnekin jarraituta, iazko irabazlea nabarmendu behar: Luis Leon Sanchez espainiarra. Bera ere etapa besapean itzuli da etxera Frantziatik. Flecha kataluniarra ere zerrendan dago. Hain justu, Sanchezek irabazitako etapa hartan ihesaldian sartu zen txirrindularietako bat izan zen Flecha–telebistako autoak lurrera bota zuen Hoogerlandekin batera-. Eta beste Sanchez, noski: Samuel. Talde txikietan oso abila denez, borrokarako gogoa ez bazaio itzali, aurrean beharko luke. Ginga ezin hobea litzateke Euskaltel Euskadirentzat, talde laranjak inoiz ez baitu Donostiako Klasikoa irabazi.

Cunego italiarrak ez du oso Tour distiratsua burutu, baina lehen hamarren artean sailkatuta, ezin esan ere makal ibili denik. Donostiako ibilbideak gainera bat egiten du italiar ttipiaren ezaugarriekin. Eta oso gogorrak ez diren ibilbideetan Rojas txukun moldatzen da; ez al da ba Donostiarra etorriko espainiarra Tourrean maillot berdea jantzi ez izanaren arantza ateratzeko nahiarekin?

Euskal Herriko beste ziklistei dagokienez, RadioShackeko bikotea ezin aipatu gabe utzi. Haimar Zubeldia eta Markel Irizar. Etxean korritzeak ematen duen motibizazio puntua baliatu lezakete lehian egoteko. Gauzak ondo, Beñat Intxausti ere Donostian izango da; Tourra utzi behar izan zuen min hartuta, baina sasoi puntuari eutsi baldin badio, hura ere lehen postuetatik ez du zertan oso aparte egon.

Schleck anaiak, Basso, Velits, Porte… Osoz errenda luzea dugu. Aukeraketa, zaila hortaz. Eta Tourrean ibili ez direnen artean, Di Luca eta Rodriguez kate motzean lotu beharko dituzte gainerako faboritoek. Nola italiarra hala kataluniarra ezin trebeagoak dira Klasikoaren antzerako ibilbideetan. Espainiako Vuelta du buruan bikoteak, ordea, eta agian sua pizten denean Jaizkibel edo Arkalenen gora, kosta egingo zaie.

Horiek guztiak dira arreta deitzen duten izenak, baina gutxien espero duzunean ustekabeak ere izaten dira. Are gehiago klasikoetan.

Ibilbideari buruzko bi hitz: Urtero legez, ziklistak Donostiako udaletxe paretik aterako dira 11:00etan eta helmuga Donostiako Bulebarrean izango dute -17:00ak aldera-. Iaz bezala, birritan igoko dituzte Jaizkibel eta Arkale. 15:00ak inguru hasiko dira Jaizkibel aurrenekoz igotzen. Lasterketaren lehen zatian, Orioko gaina eta Garate igoko dituzte.