Euskaltel-Euskadi italiarra

Italiako GiroaAdos, izenburua nahasia eta aldrebesa da, baina 2008ko Giroan talde euskaldunak izan duen jarduera adierazi nahi dut eta beharbada kokatzeko balio digu.

Josu Agirre, Lander Aperribay, Koldo Fernandez de Larrea, Aitor Galdos, Dionisio Galparsoro, Markel Irizar, I�igo Landaluze, Alan Perez eta Ivan Velascok hartu zuten hasiera Palermoko taldekako erlojupekoan. Eta egia esan nahiko txukun hasi ziren, izan ere 22 taldetatik 20. sailkatu ziren aspaldiko taldekako erlojupekoetan ez bezala.

Italiara bidali zuten taldearen berri jakin nuenean obligazioz osatutako taldea eraman zutela pentsatu nuen eta ez zutela ezer berezirik egiteko asmorik, bizi iraun bakarrik. Eta hori da egin dutena. Bederatzi taldekideetatik laurek bakarrik amaitu dute lasterketa, Josu Agirre, Markel Irizar, Alan Perez eta Ivan Velascok hain justu. Eta hauetatik bi izen bakarrik nabarmendu zaizkigu beste taldekideen artean: Alan Perez eta Koldo Fernandez. Lehenak 6. etapan ihesaldi batean sartu eta bigarren postuan sailkatu zelako. Bera izan da aurtengo Giroan garaipenetik gertuen izan zen txirrindulari laranja. Bigarrena, berriz, sprintetan onenekin lehian aritu zelako 3. postua eskuratzeraino (13. etapan hain juxtu).

Eta gainontzekoak? Aitor Galdos 7. etapan Pescocostanzo bidean erretiratu zen, Koldo Fernandez Dolomiten bezperatan lasterketa uztea erabaki zuen, I�igo Landaluzek ez zuen 15. etapan hasiera hartu, Lander Aperribay 16. etapako erlojupekoan kontrolez kanpo sailkatu zen eta Dionisio Galparsorok 18. etapan helmugaratzea lortu bazuen ere, 19. etapa ez zen irten.

Lehen hiruretatik Koldo Fernandez de Larrea erretiratzea ulertzen dut, sprintean amaitu diren 5 etapetan 6, 10, 5, 4 eta 3. postuetan sailkatu baita urrenez urren mendiak igotzen hasi aurretik. Gainontzekoak ez dakit indar faltagatik ala beste arrazoiren batengatik erretiratu diren.

Gutxik jakingo dutena eta beharbada ezustean pasa zaiguna Lander Aperribayrena da. 16. etapako krono eskaladan azken aurreko postuan sailkatu zen. 12,9 kmtako erlojupekoa zen, baina ez zen gai izan denbora barruan iristeko. Ez dakit zer gertatuko zitzaion, baina profesionaletan dabilen batentzat lotsatzeko moduko partehartzea dela irizten diot. Bere alde, ordea, esan beste bost txirrindulari ere deskalifikatuak izan zirela. Hala ere, berriz diot, maila kaxkarra eman zuela uste dut donostiarrak.

17. etaparako talde laranja lau txirrindularirekin geratu zen. Horien artean 6. etapan bigarren sailkatu zen Alan Perez nafarra zela. Bezpera, asteartea, atseden eguna zen eta Jon Odriozola Euskaltel-Euskadiko kirol-zuzendaria irratian entzuteko aukera izan nuen. Bere hitzetan itxura ona ematen ari omen ziren Giroan eta hurrengo bi egunak taldearentzat onak zirela zerbait egiteko. Zer? Itxura ona bezperan bat denboraz kanpo iritsita 13 kmtako erlojupekoan? Eta hurrengo bi egunetan zer? Erabat harrituta geratu nintzen azalpenekin, baina hala ere aukera bat eman nahio nion taldeari bihotzak eskatuta. Noski, oraingoan ere buruak irabazi zion bihotzari eta geratzen ziren txirrindularien ez zuten ezer nabarmenik egin. Beharbada gustura izan beharko dugu 9 txirrindularitatik 4rek Giroa amaitzea lortu dutela ikusita eta 2. eta 3. postuak lortu izanagatik bi etapetan.

Seriotasun falta ikusi diot Euslkaltel-Euskadi taldeari. Badakigu italiarrak itxiak direla, beraien lasterketa estuki defendatzen dutela nahiz eta aurtengoan espainiar batek eraman garaipena, 11 urtetan italiarrek irabazitako lasterketa honetan. Baina jakinda ETBk emango zuela Italiako Giroa, jakinda euskaldun zale askok jarraituko genuela (Tropelean 3733 inguruk behintzat bai), ezin al zuten talde konpetigarriago bat osatu? Ez al du ematen ProTourreko taldea izaki hala moduzko taldea eraman dutela? Niri behintzat hori iruditzen zait eta egia esan pena pixka bat eman dit.

Irudia: www.eitb24.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.