Euskal Bizikleta, ostiraletik igandera bitarte.

Euskal Bizikleta 2008 - KartelaAste honetako azkeneko hiru egunetan jokatuko da Euskal Herrian lehiatzen den profesionaletako bigarren itzulia. Azken urteotan txirrindularitzak bizi izan duen aldaketa dela medio (UCI Pro Tour zirkuitu famatua batik-bat) parte hartzaileen mailak behera egin du nabarmen, eta horrek sortutako arazoek alor ekonomikoan izan zuten eragina. Horrenbestez, hiru egunetako formatu honi ekitea beste aukerarik ez zuen izan antolakuntzak lasterketak biziraun bazuen.

Hiru egun soilik beraz, eta beste horrenbeste etapa, aurtengo berrikuntza gisa erlojupekorik ez sartzea izan baita. Ibilbideak bigarren etapa erraza aurkezten du, Agurainera helduko dena. Sailkapena beraz aurreneko saioan (Sollube helmugatik 20 kilometro ingurura- eta arrisku eta tranpaz beteriko Bizkaiko kosta iragan beharko dituzte txirrindulariek), eta, batez ere, euskal klasikorik handienetakoa den Arrateko igoeran erabakiko da, azkeneko etapa honetan profila beste batzuetan baino leunxeagoa bada ere.

Parte hartzeari dagokionez, gauza jakina da Giroa, Dauphiné-Libéré eta Suitzako Itzulia horren gertu izanda (Frantziako proba bateratu egiten da gainera), eta hein txikiagoan Luxenburgoko Itzulia, izen handiko txirrindulari gutxi izango ditugula geure artean, baina horrek ez du esan nahi ikuskizun makala ikusi beharko genukeenik, partaide interesgarri bat baino gehiago izango baita Euskal Bizikletan.

Euskaltel-Euskadik ondo bidean Txurruka eta Egoi Martinez puntuan izatetik ez oso urrun izan beharko lituzke, hasiera batean behintzat Tourrean izango baitira. Anton-ek ere orain arte eman ez duen maila erakutsi nahiko du. Bakioko irteeran izango diren beste Pro Tour talde biak Caisse d’Epargne eta Saunier Duval dira. Aurrenekoek talde polita izango dute Gutiérrez, Rojas eta Luis León Sánchez-ekin, nahiz eta seguru asko Moreno izango duten sailkapen nagusiaren borrokan. Kantabriarrek Intxausti gaztea izango dute errepidean, eta Del Nero-k ere zeresana eman lezake.

Gainerako talde guztiak kontinentalak dira, horietako batzuk, profesionalak. Barloworld-ek hautagai sendo bat izango du, Dueñas espainiarra, eta Acqua-Saponek beste bat, Garzelli zakur zaharra. Castaño eta Richi Serrano-k behar lukete Karpin-Galicia eta Tinkoff taldeek behin behineko zerrendan dituzten zerrendaburuak, hurrenez hurren.

EB 2007 podiumaFlaminia italiarrak gertutik jarraitu beharreko bi gizon aurkeztuko ditu: aspaldian apartaturik izan den Caruso eskalatzaile fina, eta azkeneko asteotan etorkizun polita duela erakutsi duen Marczynski, poloniar txapelduna bera. Gainerako espainiar taldeek Redondo (Andalucia-Cajasur), Calvente eta Vázquez (Contentpolis Murcia), eta Pardilla (Burgos Monumental) izango dituzte.

Partaideekin amaitzeko, ezin etxeko bigarren taldea ahaztu, Orbea-Oreka alegia. Ondo bidean, Nieve, Castroviejo eta Sesma euskal herritarrek izan beharko lukete aurrenekoengandik gertuen azaldu behar luketenak.

Esandakoa beraz, beste batzuetan baino txirrindulari ezagun gutxiago akaso, baina horrek hain gogaikarria den lasterketaren kontrola ekidin lezake, zaletuon gozamenerako. Igandean jakingo dugu hau hala suertatu den ala ez.

Argazkiak: euskalbizikleta.com