Amaitu da 2008ko Giroa

Kamiseta Lima2008ko Tropelako bigarren lehiaketa gaur Milanon amaitu den erlojupekoarekin amaitu da. Italian Contadorrek Giroa irabazi badu, 2008ko Giroko Tropelako lehiaketa Lujanbio donostiarrak irabazi du. Berarentzat izango da Eroski-Bidaiakek eskainitako Kanariar edo Balear irletarako bidaia.

6491 puntuk eman dizkiote garaipena, bigarrenak baino 9 puntu soilik gehiago. Penatan izango da Mendi76 azpeitiarrak lehen postura heltzeko gai izan ez delako, baina espero dugu gustura hartuko duela Atxaspi Hoteleko asteburu zoragarri hori.

Podiuma MolaImperium oiartzuarrarekin osatu dute. Azken honek Ipintza-Rezola sagardotegian 4 pertsonentzako afaria irabazi du. Zorionak hirurei!!

Hiru garaileen artean 130 puntu zeuden, baina laugarren postuari tartetxoa atera diote, 250 puntutik gora. Beraz, esan daiteke merezimendu osoz direla 2008ko Giroko podiumean.

Ezin dugu ahaztu bulder azkoitiarra, amaieran laugarren postuan sailkatu den lehiakidea. Marka handia egin duela ezin da ukatu: lehen etapan 3. postuan jarri zen eta ez da podiumeko postuetatik atzeratu bukaerako puntuak gehitu zaizkion arte. Gainera 10. etapatik aurrera bera izan dugu Tropeleko liderra 11 egunetan zehar. Hemen ikusten da bukaerako puntuek zelako garrantzia duten bukaeran, eta hori ere kontutan hartu beharra dago.

Giroa amaitu da eta hurrengo zita Frantziako Tourra izango dugu, hain garrantzitsua den lehiaketa. Tourreko lehiaketako kinela egiteko aukera ekainaren 15 inguruan zabalduko dugu, beraz, adi ibili eta ez utzi azkeneko unerarte parte hartzeko aukera.

Aurten ere kamisetak ditugu salgai. Genuen eskaintza handitu egin dugu kolore berriekin. Kamiseta hauek Tropelaren ekimena aurrera eramateko dira, beraz, erosketarekin zuzen-zuzenean Tropelari lagunduko diozue. Tropela Elkarteak asko eskertuko dizue emandako laguntza. Informazio gehiagorako dendaren atalean begira dezakezue.

Zenbaitek Giroa “entrenamendu” gisara hartu dute eta benetako lehiaketa Tourrean izango dela baieztatu digute. Zuen kasua al da?