Espartaco izatetik Judas izatera

Espartaco izan zen eta Judas bezala tratatzen dugu (…)Armstrongek denoi ziria sartu digu. Adarra jo digu…? Hipokrisiak mugiarazten gaitu. Hori gara. Lance ‘hiltzen’ dugu, baina gurea ‘salbatzen’ dugu. Contador? Etxekoa da”. Ez dira nire hitzak, Sport egunkariko Carlos Galindorenak baizik. Azken egunotan hedabideak luze eta zabal jorratzen ari dira Armstrong auzia. Lerrootan han eta hemen irakurritako batzuk. Seguro zuk beste zerbait entzun eta irakurri duzula eta zure ekarpena egin dezakezula.

Esan ohi da zintzoak zerura doazela eta gaiztoak infernura. Bada nora joan erabakitzen duenak izango du lana Armstrongen ordua iristen denean. Zintzoa eta eskuzabala da Texaskoa, benetan; minbiziaren aurka egindako lana eta eginkizun horretara bideratutako dirutza horren lekuko. Baina gaiztoa ere ba omen da. Tranparik tranpa aritu baita urte askoan.

Xabier Usabiagaren hausnarketari interesgarria deritzot, Eitb blogetan irakurria. “Ez zait zuzena iruditzen orain Armstrong edo garai hartako beste inor zigortzea. Hasteko Armstrongen kasu honetan berdintasunaren legea urratu delako. Berari bakarrik egin diote neurri hontako jazarpena. Bigarrenik denek bete zituztelako zegozkien arauak, inork ez zuen positibo eman. Eta hirugarrenik, euren lorpenak baliogabetuta ere, ezerk ez duelako zilegitasun gehiago bermatzen”.

Pedro Horrillo txirrindulari ohi ermuarrak bere harridura azaldu du El Pais egunkarian bertan. “Harritu nau ni mugitzen nintzen munduaren alde iluna ezagutzeak”. Eta honakoa gehitu: “Erabat oker dabil pentsatzen duenak joan den hamarraldian ziklista guztiak dopatu egiten zirela eta bakarrik gutxi batzuek –baldarrenek edo ausartenek- ematen zutela positibo kontroletan”.

Cadena Serren egindako solasaldian, Gonzalez Linares txirrindulari ohiak mahai gainean jarritako argudioak ere zer pentsatua ematen du. Pertsona batek alkoholemiaren aurkako azterketan positibo eman gabe ere isuna jaso behar al luke Ertzaintzak jakinez gero herritar horrek zurrutari eman diola bi-hiru ordu lehenago? Eta NBAren adibidea ere aitatu zuten Ser irrati katean, AEBetako saskibaloi ligan ez dagoelako dopinaren aurkako azterketarik.

Marca egunkariko Josu Garaik dioenez, agian txirrindularitzan informatikan bezala jokatu beharko lukete. Hackerren aurka borrokatzen diren erakundeek hackerrak beraiek ‘fitxatzen’ dituzte, haiek beste inork baino hobeto ezagutzen dituztelako informatika kinka larrian jartzen dutenak . Alegia, agian UCIk Ferrari sendagilea ‘fitxatzea’ lagungarria izan zitekeela, mediku hark bezala lan egiten dutenak atzemateko. Us Postalen Armstrongen mesedetan aritutakoak ere izan ditu Garaik gogoan -Hamilton, Hincapie, Leipheimer eta enparauak-, eta irabazitako dirua itzuli beharko luketela dio.

Eta nik zer pentsatzen dudan? Bada oso zaila egiten zait ulertzea Armstrongen ustezko jokabide ankerra. Heriotzari ozta-ozta iskin eta gero, zertarako iruzurretan ibili? Nik argi dut halako gaixotasun larria pairatu eta berriro ere pelotoian egoteko aukera izan banu, disfrutatzea baino ez nukeela buruan izango. Bigarren iristea edo 134. postuan iristea gutxienekoa zatekeen. Antza, Armstrongek eta biok ez dugu pentsamolde bera.

Artikulotxo hau hasi bezala bukatuko dut, alegia Sporteko Carlos Galindoren gogoetekin: “Behatzarekin seinalatzen dute [Armstrongen taldekide izandakoez ari da]. Lancek bataila guztiak irabazi zituen –baita minbiziaren kontrakoa ere-, baina hau galduko du, ez zuelako kontuan hartu putreak bezala garela. Eta haragia gustatzen zaigula”.

Ez dago dudarik gaiak oso soka luzea izango duela

Argazkia. Raul Perez (1999ko Donostiako Klasikoan aterata. Armstrongek lehendabiziko aldiz Tourra irabazi eta egun gutxira, Johan Bruyneel zuzendaria ondoan duela)