Lan erdietan, apopilo

Italiako Giroa lan erdietan dugu, eta sailkapen nagusiko lehen hamar ziklistei erreparatuz gero, zazpik bukatu dute itzuli handi bat, edo gehiago, top-10ean. Hiru, aldiz, apopilo ari dira multzo horretan; Santambrogio, Niemiec eta Beñat Intxausti zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren dira, hurrenez hurren. Ikusteko dago eutsiko dieten itzuliaren bigarren erdian ohorezko postuei.

Santambrogiok 28 urte ditu, Evansen mesedetan lan asko egin du azken urteetan, baina aurten taldeburu gisa ari da, Vini Fantini taldean. Denboraldi honetan erakutsi izan du bere burua han-hemenka eta Girora sasoian iritsi dela dirudi. Niemiec poloniarra beteranoa da, 33 urte baititu. Scarponiren itzalean ari da, Lampre-Meridan, baina hala ere burua onenen artean sartu du Giroaren lehen txanpan, egun txarrik jasan gabe.

Eta nola ez, Beñat Intxausti ere aipatu behar. 27 urteko ziklista bizkaitarrak maglia arrosa jantzi zuen egun batez, baina, biharamunean, erlojupekoan, galdu. Hala ere, ez du amore eman nahi; erasokor aritu zen Altopiano di Montasioko igoera latzean, eta Vajontera bidean, azken metroetan, iskin egin dio tropelari. Joan den urteko arantza atera nahiko du Intxaustik, izan ere, 2012an ere onenen artean eman zuen Giroko lehen zatia, baina osasun arazoak tarteko, asko sufritu zuen probaren azken etapa menditsuetan.

Erlojupeko luzea eta mendiko lehen etapa handia gainditu dituzte hirurek, eta hori ez da gutxi. Ikusi beharko nola eusten dion hirukoteak oraindik hamar egunez luzatuko den lehiari. Orain arte erakutsitako erregulartasuna mantentzea da kontua. Ez da, ordea, kontu erraza egun txarrik ez izatea. Bestela, galde diezaiotela Hesjedali… Eta haietako batek kale eginez gero, beste apopiloren batek hartu lezake haien tokia, Majka poloniarra eta Kanger estoniarra ate joka baitira.