Fernando Alonso Euskaltelen salbatzaile?

Gaur suak bolbora erretzen duen moduan zabaldu da Fernando Alonsok Euskaltelen, hobe esanda, Basque Pro Cycling Team SLU enpresaren World Tour lizentzia erosteko aurre akordioa gauzatu duela. Asteburuan Sabadell aipatu bazen ere, azkenean Alonso Formula 1eko gidari asturiarra izan da dirua jarri duena. Harrituta? Beno, ni ez horrenbeste.

Gogoan baduzue Contador Armstrongekin batera Astana taldean 2009eko Frantziako Tour hura lehiatzen aritu zirenean sortutako barne liskarrak tarteko, Alonsok txirrindulari talde bat sortzeko zurrumurrua zabaldu zen eta beraren ardatz Contador izango zela zioten zurrumurru horiek. Azkenean ezerezean geratu zen kontua. Ordutik denborak aurrera egin du baina Alonsoren txirrindularitzarekiko zaletasunak hor jarraitu du eta Euskaltelen egoera tamalgarri hau pare parean egokitu zaio.

Aurreko astean gaiaren inguruan grabatu genuen podcastean ikusita 19 World Tour lizentzia bakarrik daudela – berez 18 behar lukete baina gogoratu Katusharekin izandako gora beherak tarteko 1 gehitu zutela – babesle bat bilatzea hain zaila al zen galdetzen nuen. Garbi dago ateak jo behar direla horretarako eta World Tourrez hitz egiten ari garenean ate horiek mundu mailan jo behar direlakoan naiz. Noski, Euskaltel hain proiektu lokala izanda horrek lanak zailtzen zituela aipatzen genuen. Beste aukera Blanco edo bere garaian High Road taldeek egin zuten moduan babesle gabe jarraitzea zen aipatzen genuen beste aukera, baina horretarako edo aurretik dirua izan beharko litzateke edo aberats batek sartu beharko luke. Bigarrenaren antz gehiago du honek.

Alonsok bere ametsa gauzatuko du, baina Euskaltel salbatu…

Nioen moduan, pare parean egokitu zaio Euskaltelen aukera Alonsori. Batzuk diotenaren kontra, nik ez dut Alonso Euskaltelen salbatzaile jotzen. Zergatik? Alonsok prentsa oharrean esan duen moduan proiektuaren bide orria “jarraipenean, trantsizioan eta internalizazioan” oinarritzen da. Hau da, Basque Pro Cycling Teamek duen – edo hobe esanda zuen- lizentzia 2015. urterartekoa da. Ez dakit zenbat landuko zuen proiektua Alonsok gaurdaino, baina seguru negoziaketetan – isilpean eta diskrezioz eramandako negoziaketak – merkeago aterako zitzaiola 2014ean oraindik kontratua duten langileekin – txirrindulari nahiz teknikariekin – jarraituta. Beraz, jarraipena emango badio ere, ondoren “trantsizioa” etorriko da “internalizazioarekin” amaitzeko. Hau al da Euskaltel salbatzea? Beno, egitura guztiz bat-batean desegin beharrean urtebetez luzatuko den desegitea izango da, nire ustez jabe berrien beharrek eta ekonomiak erraztu duen luzapena. Eta hau horrela izaki, ez dut uste Euskaltel eta bere proiektua salbatzea denik. Salbatzekotan langileen egoera izango da Basque Pro Cycling Team enpresaren bizi motzak gaur bermatu ezin duena.

Prentsa oharrean ez da agertzen, baina diotenez enpresa berriak – zalantza izpirik ez izan enpresa berri bat izango dela, ez Basque Pro Cycling Team – egoitza Asturiasen izango luke eta bertako txirrindulariak taldeko parte izatea ere asmoen artean dago. Pentsatzen dut hau Alonsok batu dituen gainontzeko babesleen nahia era izango dela. Normala, guk ere talde laranjarekin berdin egin genuen, ala?

Nik zale moduan, zer nahiko nuke?

Eskatzea libre da eta lerro hauek idaztea ere bai, asmoa nire iritzia ematea baita eta ez inor mintzea. Behin World Tour lizentzia eta “joko” horretan sartuta, Basque Pro Cycling Team enpresaren jarraipena nahiko nuke. Hau da, hemengo eta hemengoentzako txirrindulari talde bat. Podcastean nioen moduan, garai berrietara ohitu beharra egongo litzateke eta Euskal Herriko mugez gaindiko babesleren bat ekarri nahiko balitz atzerriko txirrindulariak izatea ezinbestekoa izango litzateke, logikoa. Eta horretaz gain enpresak egitura munduko beste leku estrategikoetan ere – babeslea zein denaren baitan egongo litzateke hein handi batean – izan beharko luke. Baina bai, bulego nagusiak nolabait esatearren hemen, Euskal Herrian. Edo bestela, eta aukera hau jada iaz baztertu zen, Caja Rural – Seguros RGA taldearen moduan Continental mailan moldatu.

Esan bezala hemen patxadaz eserita lerro hauek idaztea oso erraza da, zalantzarik ez, baina zaletu moduan hau da pentsatzen dudana. Eta ez, ez dut proiektu berri hau orain arte izan den Euskaltel hau babestu dudan moduan babestu proiektu berria Alonsok eskatzen duen moduan, zenbait txirrindulari eta langilek jarraituko badute ere, ez baita orain 5 urteko proiektu bera. Nahiago dut Caja Rural – Seguros RGA edota Movistar babestu – gogoratu bi talde hauek Iruñakoak direla askotan ahazten bazaigu ere – oraindik ezagutzeko asko falta zaigun talde berri hau, zaleok hainbeste eskertzen ditugun ezaugarriak izango ez dituena. Oraingoz behintzat dakidanarekin ez, nahiz eta txirrindularitzarako orokorrean berri ona dela ezin dudan uka.

Argazkia: fernandoalonso.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.