Uztailaren 12ko grabaketarako 150 estra behar dira, errepide ertzean Tourreko zaleen papera egingo dutenak. Autobusa antolatu da.
Eutsi izeneko euskarazko hirugarren film luzea grabatzeko lanak ekainaren 19an abiatu zituen Alberto. J. Gorritiberea zuzendariak Oarsoaldean, Baleuko eta Irusoin produkzio etxeek bultzatuta. Proiektua Aupa Etxebeste eta Kutsidazu bidea, Ixabel ondoren dator eta ETBren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Pelikulak euskal gizartearen kezka eta arazoak azaleratuko ditu.
Unai Iturriagak idatzi du umore puntua duen drama sozial honen gidoia, Gorritiberaren laguntzarekin. Protagonista nagusiak Anjel Alkain eta Asier Hormaza aktoreak dira, besteak beste Sorginen Laratza eta Wazemank telebista saioetan ezagun egin direnak. Txirrindularitzarekiko grina duten bi gazte dira hauek. 30 urtetik gora dute jada eta lanean egoera zaila dute, bi urte baitaramatzate greban. Egoera horri aurre egiteko, Frantziako Tourrean protesta ekintza bat egitea bururatuko zaie. Buru-belarri jarriko dira zeregin horretan, baina neskatila gazte batekin (Oihana Martikorena) egingo dute topo. Ondorioz, bi gazteen arazoak eta beldurrak begi-bistan geldituko dira. “Eutsi filmaren grabaziora joateko autobusa. Izena emateko azken egunak.” irakurtzen jarraitu

Oraingoan bai, oraingoan nahiko esprint arrunta ikusi dugula esan dezakegu, faboritoak beren lekuetan sartu baitira. Nire ustez, tropeleko 3 gizonik azkarrenak Boonen, McEwen eta Hushovd dira eta gaur hiru lehen postuak bete dituzte. Norvegiarrak gaur ere zorte txarra izan du eta azken pedalkadak ematen ari zirenean hanka bat pedaletik atera egin zaio (beharbada gaurko garaileak zertxobait oztopatu dio baina ez da horrenbesterako izan). Azkenean australiarrarentzat etapa eta maillot berdea, atzo ere bikain aritu zelako, Hushovdentzat maillot horia gainsariei esker eta Boonenentzat… Boonenentzat oraingoz ikatza. Halere, gainsariei esker bigarren jarri da belgikarra sailkapen nagusian (eta McEwen hirugarren).
Tourrari dagokionez, esan 176 txirrindulari irten direla Estrasburgetik. Amerikarrak ziren prologo lau eta labur hau irabazteko faborito, David Zabriskie, batez ere. Baina ia beti gure adituari gertatzen zaion bezala, ez du asmatzen. Azkenean, Thor Hushovd norvegiarra, guretzat sprinterra dena nagusi eta bere atzetik bi amerikar, Hincapie eta Zabriskie. Kontuz ibili beharko dugu Discoveryko honekin, aurten dagoen mendi eskasiarekin sailkapen orokorrean aurrean buka dezakeenetako bat baita.