2. esprinta McEwenentzat

Azken metroakOraingoan bai, oraingoan nahiko esprint arrunta ikusi dugula esan dezakegu, faboritoak beren lekuetan sartu baitira. Nire ustez, tropeleko 3 gizonik azkarrenak Boonen, McEwen eta Hushovd dira eta gaur hiru lehen postuak bete dituzte. Norvegiarrak gaur ere zorte txarra izan du eta azken pedalkadak ematen ari zirenean hanka bat pedaletik atera egin zaio (beharbada gaurko garaileak zertxobait oztopatu dio baina ez da horrenbesterako izan). Azkenean australiarrarentzat etapa eta maillot berdea, atzo ere bikain aritu zelako, Hushovdentzat maillot horia gainsariei esker eta Boonenentzat… Boonenentzat oraingoz ikatza. Halere, gainsariei esker bigarren jarri da belgikarra sailkapen nagusian (eta McEwen hirugarren).

Badirudi, egun hauetan, maillot horiaren borrokan lehia polita ikus dezakegula baina esprinter astun hauei biharko azken aldapa, Cauberg delakoa, ez al zaie gogorregia egingo? Ez al zaizue iruditzen denbora dezente gal dezaketela? Hori bihar ikusiko dugu.

Euskaldunei dagokienez, eguneko ihesaldian Aitor Hernandez (Euskaltel-Euskadi) izan dugu protagonista, Saunier Duvaleko beste txirrindulari batekin etapa hasieratik. Azkenean, indar guztiak xahutu eta saririk gabe geratu da, bi iheskideen artean mendiko sailkapeneko lider bezala egun batez behintzat Tourreko podiumera igotzeko aukera baitzuten jokoan.

*** tropela.eus ***

2. etapako gure esprintean irabazlea beñito12 eskoriatzakoa izan da bigarrenari 5 puntuko aldea soilik ateraz. Berarentzat Pablo Urtasun Kaiku taldeko txirrindulariaren maillota. Sailkapen orokorreko lidergoan ehtxo-k jarraitzen du eta bigarrenarekiko aldea 42 puntura handitu du.

OHARRA: Erabiltzaileak aztertu ondoren, kiniela bat baino eginda zuten edota datu faltsuak zituzten hainbat erabiltzaile ezabatu egin dira. Guztira 70 erabiltzaile ezabatu dira, beraz, tropelean 3569 partehartzailerekin geratu gara. Norbaitek informazio gehiago jakin nahi izanez gero, idatzi beza helbide honetara: [email protected].