Amerikarrei aurre hartuz, Hushovd-entzat etapa eta lidergoa

Azkenean hasi da Tourra. Ea hemendik aurrera kirol arloaz eta gure lehiaketa ederraz soilik jarduteko aukerarik daukagun.

Thor Hushovd, lehen liderraTourrari dagokionez, esan 176 txirrindulari irten direla Estrasburgetik. Amerikarrak ziren prologo lau eta labur hau irabazteko faborito, David Zabriskie, batez ere. Baina ia beti gure adituari gertatzen zaion bezala, ez du asmatzen. Azkenean, Thor Hushovd norvegiarra, guretzat sprinterra dena nagusi eta bere atzetik bi amerikar, Hincapie eta Zabriskie. Kontuz ibili beharko dugu Discoveryko honekin, aurten dagoen mendi eskasiarekin sailkapen orokorrean aurrean buka dezakeenetako bat baita.

Bestalde, esprinter batek maillot horia janztean eta O’Grady, Boonen eta beste esprinter batzuk liderrarengandik gertu egotean lehen etapa lau hauetan, bonifikazio-segunduak lortzeko lehia gogorra aurrikusten da. Borroka polita ikusiko dugu eta ea Credit Agricoleko morroskoari maillot hori preziatua kentzeko gai diren. Kostako zaie. (Beno, ea zer dioen gure adituak datozen etapei begira…)

Euskaldunei dagokienez, 17 txirrindulari abiatu ziren. Erlojupekoetan izugarrizko espezialistarik ez daukagunez, eta gutxiago horrelako laburretan, lehen 20 postuetan ez da inor sartu. Halere, modalitate honetan hobekien moldatzen direnak, Egoi Martinez, Haimar Zubeldia, Mikel Astarloza eta Alberto Martinezek, aurre samarrean bukatu dutela esan dezakegu. Normal.

*** tropela.eus ***

Gure tropelari dagokionez, denoi zuen parte hartzea eskertu beharrean gara. Azkenean, eguerdiko ordu batean puntuan itxi dugunean, 3640 kinielaz edota txirrindulariz osatutako tropela irten da. Halere, oraindik errepaso sakonik egin ez den arren, datu arraroak sartu dituzten kinielak eta kiniela bat baino gehiago egin duten erabiltzaileak kanporatzeko asmoa daukagu arauetan garbi jartzen duen bezala.

Gure tropelean ere badira prologoetan espezialistak, eta horietako bat izan da prologo honetako garailea. Txingu donostiarra dugu lehen liderra eta berarentzat izango da lehen saria, Eneritz Iturriagak eskainitako maillota. Txinguri bere taldeko 9 txirrindularik puntuatu diote eta horien artean, etapako 6 lehenak zituela. Sailkapenak hemen ikus ditzakezu eta sariak berriz beste honetan.