Gaurko honetan ez naiz arituko ez etapa irabazleari buruz, ez Giroa irabazi dezaketenei buruz, ez ibilbideari buruz… gaurko honetan Bettini “Kilkerra” handiari buruzko pare bat hitz egin nahi nituzke.
Nahiz eta gero eta gehiago diren Puerto Operazioan “Pepito” gaitzizenaren atzean dagoen txirrindularia dela esaten duten ahotsak, txirrindulari honen azken urteetako ekarpenek berarenganako miresmena bakarrik ekar diezaioke txirrindulari zale orori. Ia edozein klasiko (agian Paris-Roubaix salbu) irabazteko gai den txirrindulari honi, munduko sprinterren aurrean borroka egitea tokatzen zaionean ere hor aurrean izaten da. Ikaragarria da McEwen edo Petacchi bezalako sprinter petoekin buruz-buru iharduteko ahalmena izatea.
Ea berarentzako aproposagoak diren etaparen batean eskuak igota ikusteko moduan garen. Frascatin amaitzen den etapak aproposa ematen du, profilaren arabera behintzat.
Txirrindulari honek sortzen duen miresmena, Tropela.net eko kinieletan era ikus daiteke, %70ak baino gehiagok aukeratu baitute berau.
Lehen etapa taldekako erlojupekoa izan da. Nagusi Liquigas taldea izan da pronostiko guztien aurka eta Euskaltel taldea azken postuan sailkatu da. Bagenekien talde apala zeramala talde euskaldunak eta inoiz ez dela izan taldekako erlojupeko etapetan nabarmendua, ez eta ere bere garairik onenetan ere. Ni behintzat ez nau harritu.
Larunbatean hasten zaigu Italiako Giroaren 90. edizioa. Garai honetan txirrindulari desberdinen sasoi puntu eta helburuek izan behar zutenean denen hizpide, Puerto Operazioak eta batez ere bertan Basso egoteak ekarri diezaiokeen zigorrak hartu dute indarra. Hain karrera garrantzitsu baten aurretik gai nagusia hori izateak alde batetik pena ematen didan arren, errudunek euren zigorra bete beharra dute, eta hori momentuz Bassori tokatu zaio, nahiz eta geo eta argiago izan Discoverykoaren ondoren beste txirrindulari batzuei (oso ezagunak gainera) tokatuko zaiela.
Hautagai nagusienei begiratuta, lehiaketan multzo horreta jarri diren Simoni, Cunego, Savoldelli eta Di Lucaren arteko borroka izan daitekeela uste dut. Hala ere, proba denetan gertatzen den gisa, beti agertzen dira inor gutxik esperotako txirrindulariak, Rujano duela bi urte edo iaz Q. Gutierrez (ay, ay Eufemiano, ez zara txarra!!!) bezala. Aurten ere egon ziur norbait “berria” agertuko zaigula eta hori asmatzean egon daiteke lehiaketa irabaztearen giltza.
Baina Giroaren bezperatan, beste italiar bat dugu albiste: Ivan Basso. Iaz Puerto Operazioak eraginda Tourretik alboratua izan eta gero, atzo taldea uztea erabaki zuen italiarrak. Baina zergatik orain? Zer gertatu da?