Orbeak etapa, Koldo Gilek Itzuli erdia eta Euskaltelek lana

Villega eta GilAzkenean iritsi da etapa zoroa eta ihesaldi arriskutsua. Lasterketako garailea markatu zezakeen ihesaldia. Liderraren taldeak, Saunier Duvalek, aurreko egunean lana beltz egin ondoren, gaur dena pikutara botatzea nahiago izan du. Euskaltel-Euskadik, etxeko taldeak, itzulia irabazteko bi gizon indartsu dituela eta teorian erlojupekoan Koldo baino hobeto moldatzen direnaren aitzakian. Penagarria. Eta gainera esango dute ihesaldian 3 gizon zituztela sartuta. Horrek ez du logikarik. Euskal Bizikleta ez irabaztea ez zitzaiola batere axola adierazi du jarrera horrekin.

Azkenean, etxeko taldeak oso akats larria egin dutelako (ihesaldian hiru gizon indartsuetako bat ez sartzea ez dut ulertzen nola gerta daitekeen ihesaldian 42 txirrindulari egonda) Itzuliko ardura hartu, ihesaldian zituenak atzeratu, eta lana beltz egin behar izan dute aurrekoek tartea modu eskandalugarrian handitu ez zezaten. Banan-banan, taldekide guztiak erre ditu talde laranjak eta baita liderrak ere, Haimar ezik.

Aurrean gertatu dena ere ez dut ongi ulertzen, hor zihoazen batzuk Euskal Bizikleta ia erabakita utzi baitzezaketen. Azkenean, Orbeako txirrindulari batek, Aaron Villegasek, jo du aurrera ihesalditik eta tropelak pixkanaka ihesaldiko denak harrapatu ditu. Azken maldan, Gatzagan, liderrak erasoa jo du, bakarrik geratu da eta lasterketako indartsuena dela erakutsi du berriz ere.

300 metroren faltan Villegas harrapatu egin du baina errukitu egin da eta gizatasun handiz itxaron eta 3. etapa irabazten utzi dio euskal taldeko txirrindulariari. Orain arte Orbeak lortu duen garaipen garrantzitsuena; eta merezita. Pozten naiz. Halere horrela irabazteak ez dut uste satisfazio berbera eman behar duenik. Koldo Gilek aurkariekiko tarte handia zuela dakienaren lasaitasunarekin utzi dio irabazten, horrela 5-8 segundu alferrik galduz.
Saunier Duvali primeran atera zaio dena baina orain zer esan behar dute Matxin-ek eta Koldo Gilek liderrak izanik eta indartsuenak izanik Euskal Bizikleta zaborretara botatzeko prest egon direla aurpegiratzen zaienean. Gainera, bukaera aldera, Nicolas Mateos taldekoak Saunierrentzat lanean jarri direnean… “el colmo”. Falta zena.
Euskaltel-Euskadikoak, aldiz, izugarrizko tonto aurpegiarekin geratuko ziren. Herrerok, oraindik aukera batzuk baditu Itzulia lehiatzeko eta Haimarrek, berriz, gaur kale nabarmena egin duela esango nuke, taldeak berarentzat egin baitu lan.

Euskaltelekoak erasora jo eta su abiatuko direla iruditzen zait geratzen diren egunetan, eta batez ere igandean. Biharko erlojupekoan, ea Koldorekiko denbora-tarteak txikitzen dituzten eta igandean lehia zoragarri bat ikusten dugun.

Nabarituko zenuten bezala, gaur Saunierrek egin duena ez zait batere gustatu (Gilen bukaerako keinua ere askorik ez) eta hori dela eta nahiago nuke beste euskaldunen batek irabaziko balu itzulia. Halere, ez nintzateke batere harrituko Gomez Marchantek Euskal Herriko Itzulian egin zuen bezala, Koldok erlojupeko bikaina egin eta Itzulia erabakita utziko balu. Arrateko etapan Saunier taldeaz gain, behar izanez gero Nicolas Mateos eta Orbearen laguntza ere izan baitezake.