Ia-ia podiumean hiru euskaldun

Koldo irabazleGaurkoan bai. Koldo Gilek atzo Euskaltel-Euskadiko aurrikuspenak zapuztu bazituen ere, gaurkoan David Herrerok Arrateko igoeran etapa garaipena lortu ahal izan du. Honekin ehun dira Euskaltel-Euskadik lortutako garaipenak.

Koldok ez du hutsik egin eta erraz eutsi dio lidergoari. Aurtengo edizioan bera izan da garaile nagusia itzuliaz gain bi etapa garaipen lortuaz. Bigarrena, Herrero bilbotarra 44 segundora. Azkenean, etapa, sailkapen nagusiko 2. postua eta erregulartasuna eta mendiko sailkapenak irabazita, Euskaltel-Euskadi ez dela esku hutsik geratu esan genezake.

Podiumeko hirugarren postua ere euskaldun batena izan zitekeen, baina Arreitunaindiarena zentesima kontuengatik kanpoan geratu da. Denbora berdinketa izan da bera eta Del Neroren artean, eta atzoko erlojupekoko denborak errebisatu beharra izan da hirugarren postu hori erabakitzeko. Azkenean 3 Molinos Resort taldeko txirrindulariaren alde erabaki dute erlojuaren orratzek. Lastima! Gainera, konturatu gabe, azken kilometroetan, Peioren taldekide diren Txurruka eta Efimkinek Del Nerori laguntza txiki bat eman dio eta berdinketa hautsi zezakeen segundu hori errekuperatu egin du espainiarrak.

Aipamen berezia merezi du, Amets Txurruka etxabarritarrak ere. Lehen urtea du profesionaletan eta 23 urte besterik ez ditu baina onenekin ibiltzeko gaitasuna erakusten ari da. Azkenean lehen hamarretan bukatu bu itzulia eta bere gaztetasun eta naturaltasunarekin jarraitzaileon bihotzak erakartzen hasi. Animo Amets!