Abraham Olano erantzuteko prest!!

Abraham OlanoPatxi Vilari egindako elkarrizketaren antzera, Agin Rezola adiskideak oraingoan Abraham Olano izango du ostegun honetan bere eta gure galderak erantzuteko prest. Dakizuen bezala Abrahamek txirrindularitza profesionala aritu zen eta garaipen handiak lortu zituen, eta talde zuzendari izan ondoren, egun Espainiako Vueltaren zuzendari teknikoa da 2004az geroztik. Bere arduretako bat lasterketaren ibilbidea aukeratzea da. Atzo ezagutu genuen berriarekin parean datorkigun elkarrizketa izango da zalantzarik gabe.

Elkarrizketa hau ostegun honetan izango da arratsaldeko 5etatik aurrera Info7 irratiko 5etako diligentzia saioan. Zuek egin nahi dizkiozuen galderak post honen ondoren gehitzen joan zaitezkete eta Aginek esan digunez, bera arduratuko da Abrahami helarazten (galdera guztiak egiteko denbora ematen badio behintzat).

Heriotzaren mamua txirrindularitzan

Agustin SagastiHilabeteren buruan hiru txirrindulariren heriotzaren berri izan dugu. Beldurtzekoa. Lehena Vandenbroucke izan zen, Senegaleko hotel batean hilik aurkitu zutena, bigarrena orain astebete inguru edo, De Fauw pistako txirrindulari belgikarra izan zen, eta azkena urrutira joan gabe aste honetan bertan ezagutzera eman dena: Agustin Sagasti, Euskadi Fundazioan 1994eko Euskal Herriko Itzulian talde euskaldunari lehen garaipena eman zion txirrindulariarena. Agustin 2008ko Euskaltel Euskadi taldearen aurkezpenean garaipen harengatik omendua izan zen Jose Alberto Praderarekin batera.

Beharbada kasu guztiak ezberdinak dira, baina guztiak bi gauza dituzte komunean: hirurak txirrindulari profesionalak ziren (edo izandakoak) eta hirurak hilik aurkituak izan dira. Vandenbroucke kasuan ez dago argi bere buruaz beste egin zuen ala ez, baina beste bietan badirudi hala izan dela. Azken bi kasuetan istripu larri bat izan daiteke arrazoi nahiz eta oso ezberdinak izan: De Fauw-ren kasuan beste txirrindulari baten heriotza eragin zuen lehiatzen ari zirela eta Agustin Sagastiren kasuan txirrindularitza profesionala uztera eraman zuen lesio larri bat.

Arrazoiak bat ala beste izan, zer pentsatua ematen du hain denbora gutxian hiru txirrindulari profesional gazteren heriotzaren berri jakiteak. Bestela gogora ditzagun adinak: Vandenbroucke 34 urte zituen, De Fauw-k 28 eta Agustin Sagastik 39.

Gure doluminak senitarteko guztiei, bereziki Agustin Sagastirenei.

“Gizon askea naiz”

Patxi VilaHori da Patxi Vilari birritan entzun dioguna azken egunetan. Atzo amaitzen zitzaion testosterona sintetiko kontsumitu izangatik jarri zioten zigorra eta orain talde bila dabil.

Azken berrien arabera, Patxi Vila Lampre taldeaz gain (2003az geroztik partaide izan den taldea) Astana taldearekin ere bideak ireki omen ditu. Hauek ProTourreko taldeei dagokionez, baina Kontinentalak ez ditu baztertzen. Horien artean Xacobeo-Galicia, Andalucia-Cajasur eta Carmioro – A Style, egun Sellaren taldea dena. Talde galiziarrean ez zait iruditzen lekurik egingo diotenik besteak beste Iban Mayoz eta David Herrero ere taldetik baztertu baitituzte 2010era begira. Ez dakit ondorioz donostiarrak eta bilbotarrak txirrindularitza profesionalean jarraitzerik izango al duten.

Ezezkoa eman dioten taldeak Caisse D’Epargne eta Euskaltel-Euskadi omen dira. Hauek dagoeneko hurrengo urterako taldea osatua dutela esan baitiote. Ikusiko dugu zein taldetan amaitzen duen Berako txirrindulariak gauzak ondo bidean.

Anton, Sicard eta Intxausti

Benat Intxaustiren aurkezpena

Gaur aurkeztu dute Beñat Intxausti Euskaltel-Euskadiko txirrindulari moduan. Fuji-Servetton aritu da aurten eta lehenago Saunier Duval eskandaluz inguratu zen taldean, beti ere Matxin arduradun zela.
Fujik jarraitzeko beste babesle bat behar zuen eta hori ere lortu berri du. Honek lanak zaildu dizkio Euskaltel-Euskadiri fitxaketa gauzatzerakoan, baina azkenean lortu du. Jakin nahiko nuke Matxinek libre uzteko eskutitzagatik zenbat jaso duen.
Postean jarri nahi nuena, ordea, ez zen hori. Gaurko prentsa aurrekoan talde laranjak proiektu berri esperantzagarriaz hitz egiteko aprobetxatu dute. Beren hitzetan, proiektu berri honen ardatz txirrindulari gazteak izango direla esan dute, Igor Anton, Romain Sicard eta Beñat Intxausti besteak beste.
Proiektu berria? Orain artekoak ez al du balio? Aurten bi dopin kasu izan direlako? Samuelek Vuelta irabazi ez duelako? Zer izango du ba ez berdin proiektu berri honek?

Bi asteren buruan Patxi Vilak zigorra beteta izango du

Patxi VilaEuskadi Irratian berriki Txetxuk Patxi Vilarekin hitz egin du. Bertan adierazi dute nola TASek testosteronaren deribatuagatik emandako positiboaren zigorra 2 urtetatik urte t’erdira jaitsi diotela. Ondorioz, zigorraren kontaketa iazko maiatzaren 5etik aurrera hasi zenez, azaroan 5etik aurrera zigorra betea izango du. Martxoan Euskadi Irratiko elkarrizketa batean errua aitortu zuen eta gaur ere hala egin du, nahiz eta “nahi gabe”ko dopina dela argudiatu zuen gaur egin duen bezala.

Argi ez dagoena da zein izan den TASek erabaki hori hartzeko arrazoia ezta ere ia Patxi Vilak UCI ProTourreko lasterketaren batean aritu daitekeen ala ez. Oraingoz Patxi Vilak esan duenez hiru kontaktu ditu eta horietatik bi ProTourrekoak omen dira. Hori bai, argi utzi du oraindik eskaintzarik ez duela eta “maillot neutroarekin” arituko dela oraingoz.

Garbi dagoena da Patxi Vilak asko sufritu duela denbora tarte honetan eta komunikabideei bere eskerrak eman dizkie berarekiko izandako jarrerarengatik. Egindakoa ordaindu du, eta orain indartsuago sentitzen omen da eta etapa berri honi ilusioz ekingo omen dio.