Aurreko asteko gertakarien ostean, eta jakinda Ibanek Euskaltel-Euskadirekin duen kontratua aurten amaitzen dela, Euskaltel-Euskadi utziko duenaren zurrumurruak dabiltza batetik bestera. Segurua zen eskaintza asko izango dituela eta hauen artean Saunier-Duval taldearena da gehien entzuten ari garena.
Mihi gaiztoek diotenaren arabera, Dauphineko garaipenaren ostean Mayok Matxinen taldearekin zerbait aurre hitzarturik izan dezake eta hori omen Tourra hain erraz uztearen arrazoia.
Kontuak kontu eta zurrumurruak zurrumurru, Mayok Euskaltel-Euskadin ez jarraitzea aukera dezake. Denboraldi honetan, ordea, dirudienez Espainiako Itzulia korrituko du, beharbada kolore laranja azkenekoz soinean duela.
Tourrean, berriz, Haimar Zubeldia oso ondo defenditzen ari dela esan beharra dago. Beharbada jada taldeko erreferentzia bakar izaki azken aste honetan sorpresa pozgarriren bat jaso lezake euskal zalegoak. Ea egia den!!
Bai, ez dago lider garbirik, eta taldeek ez dute behar baino indar gehiago xahutu nahi. Ondorioz, ia ordu erdiko atzerpenarekin iritsi da tropela helmugara, 29 minutu eta 57 segundura, eta lider berria dugu: Oscar Pereiro. Ni behintzat zur eta lur geratu naiz. Beharbada taldeek egoera kontrolpean izango dute, baina bost lagunek tropelari honenbesteko aldea ateratzea… Motorretako kronometratzaileak ere gaurkoan ederki aspertu dira tropelaren zain (Ikusi argazkia).
Gaur bai, gaur azkenean Tour honetako oilarrek beraien indarrak erakutsi dituzte eta nahiz eta beraien artean eraso bortitzik ez den egon, etapa luzea eta gogorra gertatu denez azkenerako indartsuenak geratu dira buruan. Atsedenerako tarte gutxi zegoen eta tarte horietan, ordea, lasterketa ez da mantsotu. Hasieran Ag2r-ek maillot horia defendatu nahi zuelako, T-Mobilek gero, lasterketa gogortu nahi zuelako Klodenen mesederako eta bukaeran Rabobank-ek, Menchov-entzat lana beltz eginaz, uneoro erritmoari eutsi diote eta azken maldara iristerako (Pla de Beret suabea dela diote) txirrindulariak pixkanak erortzen joan dira udare helduak zuhaitzetik bezala. Azken malda igotzen ari zirenerako dozena bat besterik ez ziren geratzen, talde gutxi ziren bi txirrindulari zituztenak eta zoragarriena, inork ez genekien nor zen indartsuena. Beraien artean ere ez.
Tropeleko lasterketa bizi doa. Azken 5 etapetako sailkapen nagusian patatin zumaiarra buruan izan da eta lasterketa buruari eusten dio.
2002an joan ginen Jon Gonzalo lankidea eta biok Tour-era, irratiak bidalita. Pirinioetako etapa batera joan, eta zaletuekin egon behar genuen, bertako giroa jasoz.