Oilarrak agertu dira!

Menchov garaile Pla de Beret-enGaur bai, gaur azkenean Tour honetako oilarrek beraien indarrak erakutsi dituzte eta nahiz eta beraien artean eraso bortitzik ez den egon, etapa luzea eta gogorra gertatu denez azkenerako indartsuenak geratu dira buruan. Atsedenerako tarte gutxi zegoen eta tarte horietan, ordea, lasterketa ez da mantsotu. Hasieran Ag2r-ek maillot horia defendatu nahi zuelako, T-Mobilek gero, lasterketa gogortu nahi zuelako Klodenen mesederako eta bukaeran Rabobank-ek, Menchov-entzat lana beltz eginaz, uneoro erritmoari eutsi diote eta azken maldara iristerako (Pla de Beret suabea dela diote) txirrindulariak pixkanak erortzen joan dira udare helduak zuhaitzetik bezala. Azken malda igotzen ari zirenerako dozena bat besterik ez ziren geratzen, talde gutxi ziren bi txirrindulari zituztenak eta zoragarriena, inork ez genekien nor zen indartsuena. Beraien artean ere ez.

Boogerd-ek izugarrizko lana egin du bere liderrarentzat, Menchov-entzat eta horren ondorioz, Tour honetako indartsuenak geratu dira buruan Boogerdekin: Landis (Phonak), Menchov (Rabobank), Leipheimer (Gerolsteiner), Sastre (CSC), Evans (Davitamon) eta Kloden (T-Mobile).

Tourra eta Parisko podiuma hauen artean jokatuko dutela dirudi. Boogerd eta Kloden ere geratu egin dira eta beste bosten artean diferentzia oso txikiak izan dira. Indartsuenak Menchov (etapa irabazi du) eta Landis (lidergoa lortu du) izan dira baina beraiekin batera Leipheimer iritsi da. Sailkapen orokorrean, ordea, denbora dezente galduta da Tourreko lehian sartzeko. Pixka bat atzerago sartu dira Evans eta Sastre. Eta Klodenek minutu eta erdi galdu du. Dezente.

Hona hemen zerrendatuta gaurko etaparen ondorio batzuk:

  • * Azkenean ikusi ahal izan dugu zein diren Tour honetako indartsuenak.
  • * Baina ez dugu ikusi ea Landis edo Menchov den indartsuena, mendian.
  • * Landis egin da maillot horiaren jabe baina mendian berari laguntzeko talderik ez duela ikusi dugu.
  • * Menchov ere hor da eta Rasmussen eta Boogerd-ekin mendirako talde indartsua dute. Tour honetako indartsuena.
  • * T-Mobilek ere talde indartsua du baina liderrak huts egitean beharbada erasora eta lasterketa puskatzera joan beharko lukete.
  • * Mendian agertu behar zuten eskalatzaile petoek (Rujano, Gomez Marchante, Pereiro, Mayo…) kale egin dute. Guztiek kale egin dutela esatera nindoan baina ez, Rasmussenek lan bikaina egin du. Bakarra. Zer gertatu da? (Gure Adituarentzako galdera)
  • * Horren Tour zoroa izaten ari denez oraindik ihesaldiei esker jendea sailkapen orokorreko borrokan sar daiteke, Phonakek beharbada ez baitu oraindik maillot horia serio defendatuko.

Euskaldunak

Haimar eta Schleck azken ahalegineanEuskaldunei dagokienez denetik izan dela esan behar, batez ere, Euskaltel-Euskadi taldean. Iban Mayok atzo erakutsi zuen ezintasun harrigarriarekin jarraitzen zuenez etxerako bidea hartu du. (Gainera moto bateko kamerari oihuka aritu da. Oso tristea). Haimar Zubeldia bikain aritu da eta ia azkenera arte onenekin egon ondoren 7. postuan amaitu du etapa eta sailkaoen nagusian 11. postura igo da. Eta hauen taldekideak ere ondo, Camaño ihesaldian sartu baita eta Landaluzek etapa aurrean, txukun samar, bukatzea lortu du.

Beste guztiak nahiko gaizki ibili dira (Arrieta, Zandio eta Vila kenduta) eta batez ere, sailkapen orokorrean nahiko aurrean ibil zitezkeen Egoi Martinez eta Mikel Astarloza oso atzeratuta sartu dira. Ziurrenik lana beltz egitea tokatu zaie beraien taldeburuen mesedetan eta sailkapen orokorrean postu txukun batean bukatzeko aukerak galdu guztiak galdu dituzte.

*** Tropela.net ***

Gaurko etapan orain arte azaldu ez diren erabiltzaileak azaltzen hasi dira esprinterrak alde batera utzi eta taldeburuak azaltzen hasi baitira.

Menchov eta Landis dituztenek badirudi asko daukatela irabazita (partehartzaileen %75ak Valverde baitzuen), eta gainera, gaurko etaparen garaileak bezala, Sastre ere baldin badaukazu zer esanik ez. Niretzat Tropelean aurtengo Tourra irabazteko hautagai nagusia bera da, KANU25 zarauztarra. Halere, Haimar Zubeldia ez dauka beste talde on asko ere ikusi ditugu tropel buruan.

Oraingoz, lider sendo mantentzen dena patatin zumaiarra da. Egunak joan egunak etorri bigarrenarekiko diferentziak mantenduz edota handituz.