#307 Tropela.eus podcastak: 2019ko Strade Bianche

Urteko estraineko podcast honetan Imanol Llucia (@imanolllucia), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) aritu dira solasean denboraldiko eta Tropelan estrainekoz izango den Strade Bianche, emakumezko eta gizonezkoen, klasikoen analisia egiten. Emakume eta gizonezkoen lasterketak berdintasunez tratatzeko aldarria egiteaz gain, kinielei errepasoa egiten diete. Ahaztu gabe webgune berria duela Tropelak martxan, nahiz eta oraindik guztiz amaituta ez dagoen.

#269 Tropela.eus podcastak: 2018ko La Course eta 2018ko Frantziako Tourreko 10. etapa

Podcast honetan 2018ko La Coursek eta 2018ko Frantziako Tourreko 10. etapak eman duenaren laburpena egiten du Egoitz Lizaso (@elizaso).

La Coursen ikuskizuna izan dela azpimarratu digu, Van Vleuten garaile izan delarik. Euskaldunak ere bikain, batez ere Ane Santesteban 9. sailkatu baita.

Tourrea, aldiz, Alpeetako lehen etapa eta Quick-Stepeko Alaphilippe (QST) izan da ihesaldiari esker etapa garaipena lortu duena. Van Avermaetek (BMC) ere lider jarraitzen du eta errenta areagotu ihesaldian sartuta lortu duen errentari esker.

#268 Tropela.eus podcastak: 2018ko La Course

Podcast honetan emakumezkoen txirrindularitzaz orokorrean, eta zehazki 2018ko La Course lasterketaz aritzen dira Mireia Epelde (txirrindulari ohia, @MireiaEpelde), Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola) eta Egoitz Lizaso (@elizaso). Kiniela errepasatzen dute argibideak emanez eta ez dute ahaztu nahi izan Giro Rosak eman duena, azpimarratuz Eider Merino (MOV) eta Ane Santestebanen (ALE) mailak.

Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)

Ikusgarritasuna merezi du emakumeen txirrindularitzak. Ez da aldarrikapen bat, errealitatea baizik. Tropela webguneak emakumeen egutegiko hainbat proba sartzea erabaki zuen, eta urtetik urtera gehiago dira. Horri esker, geroz eta ezagunagoak zaizkigu hemengo zein kanpoko txirrindulariak.

Joane Somarribak eta Leire Olaberriak ikusgarritasuna eman zioten, eta gaur egun, badira beste hainbat aipamena baino gehiago merezi dutenak. Ane Santesteban gipuzkoarra hedabideetan ikustera ohitu garen bitartean –albiste on eta ez hain onekin–, harrobi polita dugu gurean.

Eider Merino (Lointek) gazte bizkaitarra da belaunaldi berriaren eredu esanguratsua. Emakumeen Biran maila harrigarria erakutsi zuen Balmasedako txirrindulari txikiak. Errenteriako azken etapan onenekin aritu zen, eta laugarren bukatu zuen etapan, eta sailkapen nagusian. Iragan hurbila, oraina eta etorkizuna izan dugu hizpide berarekin.

Elite mailako zure lehen denboraldia egiten ari zara. Nabaritu duzu aldaketarik pasa den sasoitik?

Emakumeetan ez dago aldaketarik elite eta 23 urte azpiko kategorien artean, lasterketak berdinak direlako. Beraz, ez, ez dut ezer ezberdina nabaritu, bakarrik ez duzula 23 urtez azpiko mailaren saria jasotzen (barreak). Continue reading “Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)”

Guarnier eta Henao, Gabiria Koparen bila

Apurka-apurka, 2016ko Gabiria Kopa hasi da puntuak banatzen, eta sailkapenetako bat ia erabakita geratu da: emakumezkoena, hain zuzen ere.

Aurten, Durango-Durango klasikoa eta Emakumeen Bira denboraldiaren hasieran jokatu dira, eta lasterketa horietan banatzen dira puntu gehienak gure Koparako. Beraz, nahiz eta oraindik emakumeek lasterketa dezente dituzten aurretik, ziurtzat jo dezakegu Megan Guarnier estatubatuarrak irabazi duela 2016ko Gabiria Kopa, puntu bakarreko aldearekin Emma Johanssonekiko. Gazterik onenaren saria, berriz, Elisa Longo Borghinik eskuratu du. Lehen euskaldunaren saria, aldiz, erabakitzeke dago oraindik, nahiz eta, momentuz, Ane Santesteban errenteriarra doan lehen postuan, oso nabarmen.

Guarnier-Johansson-Moolman

Honelaxe dago emakumezkoen Gabiria Kopa, une honetan (Top5):

1.- Megan Guarnier… 548 puntu
2.- Emma Johansson… 547 puntu
3.- Asleigh Moolman… 474 puntu
4.- Carmen Small… 414 puntu
5.- Elisa Longo Borghini… 394 puntu

Iazko Gabiria Kopako podium bera da: desberdintasun bakarra, Guarnierren ordez Niewiadoma izan genuela iaz lehen postuan. Bestelakoan, berdin: Johansson bigarren, Moolman hirugarren aurten ere.

Bestetik, gizonezkoen Gabiria Kopak luze joko du, gure sariketaren lehen herena baino ez baita jokatu oraindik. Bi bloke puntuagarri geratzen zaizkigu aurretik: uztaileko klasikoak (Ordizia, Donostia eta Getxo), eta Euskal Herrian amaituko diren Vueltako bi etapak. Beraz, puntu mordoa dago oraindik jokoan, batez ere Donostiako eta Vueltako bi etapen artean banatuko direnak.

Edonola ere, momentuz hauxe da gizonezkoen Gabiria Koparen sailkapena (Top5):

1.- Sergio Luis Henao… 475 puntu
2.- Alberto Contador… 450
3.- Nairo Quintana… 344
4.- Samuel Sánchez… 333
5.- Rui Costa… 333

Lehen euskalduna Pello Bilbao da momentuz, sailkapeneko 9. postuan, Euskal Herriko Itzuli aparta eginda.

Bitxia bada ere, ez Bira irabazi duen Johanssonek, ez Itzulia irabazi duen Contadorrek, ez dute Gabiria Kopako lehen postua eskuratzerik izan (Contadorren kasuan, “oraingoz” esan beharko dugu). Horren arrazoia arerioen erregulartasuna da: etapei dagokienez, Megan Guarnierrek bost aldiz lortu du Top10a euskal astean (1-1-2-5-9. postuak), eta Johanssonek, aldiz, lau aldiz (1-1-3-5). Gizonezkoetan, antzera: etapetan, Henaok sei Top10 lortu ditu Euskal Herrian (2-2-3-3-5-10, Lizarrako bigarren postua ere kontuan hartuta), eta Contadorrek lau (1-3-5-7).

Euskal Herriko errepideetan jokatzen diren lasterketa profesionaletako txirrindularirik erregularrenak saritzea da gure koparen helburua. Beraz, gaia interesatzen bazaizue, jarrai gaitzazue Twitterren (@gabiriakopa) zein Facebooken (www.facebook.com/gabiriakopa), eta adi egon, laster esango baitugu noiz egingo dugun aurtengo sari-banaketa eta nor izango den omenduko dugun txirrindulari historikoa.