Garaiz dabil

Igor AntonBaieztapen ofiziala falta zen eta hura ere iritsi da azkenean. Igor Anton, Omar Fraile bezala, Hego Afrikako Dimension Data (lehengo MTN-Qhubeka) World Tourreko taldean ariko da 2016an. Hein batean behintzat, ustekabean harrapatu gaitu albisteak. Azken urteetan Movistarren aritu eta gero, Galdakaoko txirrindulariaren etorkizuna airean zegoen, guztiz, eta erretiro hitza ere entzun da azken aste eta hilabeteetan. Zorionez, pedalei eragiten jarraituko du Igor Antonek. Urteak joan dira Antonek Espainiako Itzulian eta Giroan besoak altxatu zituenetik. Mina ematen du gogoratzeak 2010eko Espainiako Vueltan gertatutakoa. Anton lider zela erori eta etxera joan zen eta Nibali izeneko gazteak irabazi zuen itzulia. Handik aurrera, dir-dir egin du italiarrak han eta hemen. Igor Antonek, aldiz, eutsi zion 2011n: Zoncolanen Giroko etapa irabazi zuen eta etxean, Bilbon Espainiako Vueltakoa poltsikoratu zuen.

Ordutik hona, baina, goiko postuetatik urrundu da. Egia da Movistarren bestelako lanetarako, hau da morrontza lanetarako fitxatu zutela. Aurtengo Asturiasko Itzulia da bere orain arteko azken garaipena. 32 urte ditu Igor Antonek, hortaz, oraindik ere harekin gozatzeko aukera izan dezakegu. Bizpahiru urte on izan ditzake. Izan ere, duela hamarkada bat 35 urteko txirrindulariak tropeleko aitonak ziren bitartean, gaur egun, badute zeresana. Egutegia zehaztu beharko du bere taldeak, baina Euskal Herriko Itzulian zein Espainiako Itzulian sailkapen nagusia lehiatzen ikus dezakegu, edo behintzat mendiko etapak lehiatzen.

Zer nolako taldea da Dimension Data? Bada ez da punta-puntako taldea, baina hazten ari den taldea da, zalantzarik gabe. 2015ean aurreneko aldiz parte hartu zuen Tourrean gonbidapena jasota -artean ez zen World Tourreko taldea- Meintjes taldeburu gazteak kale egin zuen Tourrean baina Espainiako Itzuliak lehen hamarren artean bukatu zuen. 2016an Meintjes Lampren ariko da, baina Eritreako bi txirrindulari izan litezke taldeko ikur, Teklehaymanot eta Kudus. Lehenak mendiko maillota janzten lehen hegoafrikarra izan genuen aurtengo Tourrean eta Kudusek gorriak ikusi zituen Frantziako Tourra bukatzeko. Hala ere, 21 urterekin, bada zerbait Parisera iristea, ezta? Esprintetan ere ikusiko dugu maiz Dimension Data, Cavendish fitxatu baitute datorren denboraldirako.