Erne otsoarekin

Kwiatkowski munduko txapeldunaGaztea den arren, erronkari erronka ari da Kwiatkowski. Joan den urtean, Eroica irabazten ekin zion denboraldiari eta Munduko Txapelketa poltsikoratu zuen irailean. Hortaz, mailot bereziarekin ari da lehiatzen 2015ean lasterketetan, ortzadar maillot mitikoarekin hain zuzen ere. Bada Etixx-Quick Stepeko txirrindulariak erronka polita du parez pare egunotan: Euskal Herriko Itzulia irabaztea. Orain artean, sekula ez du lortu munduko txapeldunak Itzulia irabaztea. Aurten bai? Oso aparte ez dela ibiliko dirudi.

Zumarragan irabazi duen Rodriguezek, eta Henao eta Quintana kolonbiarrek itxura bikaina eman dute Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa erabakigarrian, haientzat izan dira lausenguak eta txaloak, baina erne. Izan ere, Antigoako aldapa pikoa igo eta gero,  Kwiatkowskik zazpi segundo baino ez ditu galdu. Ondorengo bi etapetan segundoren bat gehiago utz dezake bidean, baina ez asko. Arraten aldapa luzeagoa da, baina ez da Antigoakoa bezain tentea eta ostiralekoak, Aiakoak, Zumarragakoaren tankera izan dezake. Hots, tarte handiak nekez zabalduko dira ziklista indartsuenen artean. Kwiatkowski erlojupekora liderrarengandik 15 edo 20 segundora iristen bada, bakarkako saioan bere jarduna oso gertutik jarraitu beharko da. Ez ahaztu, joan den urtean bigarren postuan amaitu zuela itzulia, batik bat Markina-Xemeineko erlojupekoan eginiko lan biribilari esker -bakarrik Martinek eta Contadorrek gainditu zuten poloniarra-.

Munduko txapelduna faboritotzat jotzeko beste datu bat: aurtengo denboraldian lortu duen garaipen bakarra erlojuz kontra lortu du, Paris-Nizako aitzin etapa hain zuzen ere. Aiako erlojupekoa berezitzat jo daiteke. Lehenengo hamar kilometroak beherantz izango dira eta azken zortzi kilometroetan bi aldapari aurre egin beharko diete txirrindulariek, lehenengoa samurra eta bigarrena gogorra. Batik bat lehen hamar kilometro horietan nekez lortuko dute Henaok, Quintanak edo Rodriguezek Kwiatkowskik baino denbora hoberik.

Irudia: roadcyclinguk.com