Hitzak eta ekintzak

Alberto Contadorren prentsaurreko baten aurretik

Azkar iritsi bezala, azkar pasatu da Vuelta honetan Euskal Herrian programatua zegoen etapa. Erlojuz kontrako bakarkako modalitatean etaparik luzeenaren ondoren tropela Iruñeatik hasten zen pedalei eragiten eta Aralarko San Migelen amaitzen zuten etapako ibilbidea. Txirrindulari zaletuok egun hauetan telebista bidez oso aukera txikia badugu ere munduko txirrindularirik hoberenak gure inguruotan ikusteko, hausnarketa ugari egin ditzakegu ikusi ditugun ekintzen eta entzun edo irakurri ditugun hitzetatik.

Zaila da zentratzea gaurko artikulua notizi txar batek izan duenean protagonismoa: Nairo Quintanak Vuelta lehiatzeari utzi dio eroriko batengatik. Tourrean bezala, beste behin ere, itzuli handi bateko hautagai nagusi batek bertan behera utzi behar izan ditu bere nahiak. Nire uste apalean, ikuskizun gehien eman zezakeen txirrindularietako bat zen kolonbiar txikia. Astearteko etapan galdutako denborak derrigortzen zion erasora jokatzea sailkapen nagusia poltsikoratu nahi bazuen. Valverderentzat lan egingo zuela esan bazuen ere.

Contadorren (Tinkoff – Saxo) hitzak eta ekintzak ez ditut hemen aztertuko. Aurretik Inaxio Esnaolak zenbait hitz utzi ditu eta blog honetan. Eta gutxi iruditzen bazaizue Amets Txurrukaren (Caja Rural) Gara egunkariko orrietan argi utzi du zer den Pintokoa. Beste behin argi geratzen da: garaipena ez den beste guztia Contadorrentzat porrota izango litzateke.

Beste hari bati tiraka, zurrumurru dezente piztu zen pasa den astean Nafarroako etapa bertan behera geratzeko Aralargo San Migelera doan hormigoizko bidearen egoerarengatik. Txirrindulari profesional batzuk egon ziren aste batzuk lehenago etapa aztertzen eta ez zuten horrelakorik azpimarratu. Uharte Arakil inguruko lagunek ez dute lortu errepide berri bat, baina soluzio bezala okerren zeuden tokietan partxeak jarri dituzte. Txirrindulariei ez zaie alarma oihu horiek iritsi eta ondorioz beraien lana bikain jorratu dute. Eta euskal zalegoa ere txapela kentzeko moduko jokaera izan du.

Espero dezagun txirrindulari askoren hitzak eta nahiak gauzatzea hurrengo egunetan. Raul Perez lagunak aipatu bezala, bigarren aste hau oso erabakigarria izan daiteke sailkapen nagusiaren lehiarako. Eta hau aipatuz Chriss Froomen (SKY) etortzen zait burura adibide gisa. Aralarko San Migeleko kilometroetan onenekin aritzeko lan asko egin zuen eta espero du errekuperatzen joatea iazko Tourra irabazi zueneko maila lortu arte. Bitartean goi mailako txirrindularitzaz gozatzen jarraituko dugu.

Argazkia: 2012an Klembuterolarengatik positibo eman osteko Alberto Contadorren prentsaurrekoko irudi bat

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.