#Contapott

Izenburua idaztera noanarekin zerikusia duen arren, ez guztiz justua, baina badakizue zein den nire ahultasuna. Kritikak gustura onartuko ditut.

Bagenekien SKYk gaur ez zuela hutsik egingo. Zalantza gainontzekoak nola ibilikoz ziren zen eta gauza asko argitu dizkigu gaurko etapak.

Hautagai nagusiak Froome (%72,1) eta Contador (%27,7) ziren – portzentajeak kalkulatzerakoan Tropelak akatsen bat badu. Eta erabiltzaileek eta pronostikoak esaten zuena bete da, gaur bai behintzat behinik behin. Baina zer gertatu zaio Contadorri? Nire ustez SKYk jarri duen erritmoak lehertu egin du. Egia esan Kreuziger bera (%1,8) hobeto ikusi dut eta bere taldeburua laguntzen geratu da. Oraindik Contador Kreuziger laguntzen ikusiko al dugu aurtengo Tourrean?

SKYren nagusigoa genioen, izan ere Froomen atzetik Porte (%51,6) helmugaratu da. Hau ere, nire iritziz behintzat, ez da ezustekoa izan. Valverde (%52,7) izan da helmugan hirugarren eta hau ondo ibiliko zela uste banuen ere ez horrenbeste. Bikain, beraz, murtziarra eta zer esanik ez bere taldekide den Quintana (%39,6), etapan zeresana emanez eta sari moduan maillot zuria eskuratuz. Eta argi, maillot zuri hau nahi duela esan baitu kolonbiarrak!

Ten Dam (%15) izan dira Belkin talde berriari argi pixka bat eman diotenak. Mollema azken aurreko mendian geratu bada, esan beharra dago Ax 3 Domainesen, ikusi ez badugu ere, ikaragarrizko igoera egin duela 4. helmugaratuz. Ten Dam, aldiz, SKYkoek erasoa jo arte talde nagusian izan da. Gesinkek (%2,0) erreleboa ofizialki Tour honetan emango du.

Euskaldunak bikain gaurkoan! Mikel Nieve (%10,5) eta Igor Anton (%17,9) seigarren eta hamargarren helmugaratu dira hurrenez hurren. Posible izango al du talde laranjak sailkapen nagusiko lehen hamar postuen lehian aritzea? Gaurkoa baietz, posible dela erakutsi dute. Baina asko falta da. Eta ezin ahaztu Haimar Zubeldia (%14,8), hatz bat hautsita izan arren 19. helmugaratu baita. Gaurko etapa ikusita “Aurrean ibiltzekoak” multzoan izatea arras justifikatuta geratu da, ez?

Orain txanponaren beste aurpegiari begiratuko diogu, galtzaile nagusienei alegia. Alde batetik Van Garderen (%41,9) izan da azken aurreko mendatean geratu eta 12 minutura helmugaratu dena. Ez da iazko Van Garderen – 5. egin zuen iaz eta maillot zuria irabazi. Eta taldekidea bera ere, Evans, nahiz eta gaur taldeko liderra bera dela konfirmatu badu ere, honek 4 minutu galdu ditu helmugan. Eta beste pare bat izen aipatzekotan Hesjedal (%3,5) eta Pinot (%71,7), batez ere azken hau, izan ere gaur denbora galdu badu maldan behera duen beldurrak eraginda izan baita. Ez badu beldur hau gainditzen nekez ikusiko dugu podiumerako lehian.

Baina hau hasi besterik ez da egin. Oraindik 13 etapa falta dira. Eta bihar Pirinioetan beste etapa bat, min egin dezakeen etapa horietako bat. Lehen mailako lau mendate igaro behar dituzte 168,5kmtako etapan. Norbaitek SKY estutasunean jarri nahi badu biharko etapa egokia dela iruditzen zait.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.