Judith Arndt-en azken gotorlekua

Tituluaren defentsan eta bere azken erlojupekoaren aurrean. Ataka hortan bizi izan du Arndt-ek gaurko lehia, bere ibilbide luze zein ederrari tamainako bukaera eman nahian. Eta zama hau gainean eramanda, ulertzekoak dira helmugaratzean esandakoak: “Lasaitu polita hartu dut, azken marra gainditzean”. “Ez da erraza izan hainbeste lasterketa lehiatu eta prestatzea, batez ere azken urteotan”.

Arndt-ek, bere loraldian, egutegi luze-zabala mendean hartua zuen. Egun anitzeko, zein bakarreko, erlojupekoak zer esanik ez, lasterketa ia guztietan zen lehiakor. Azkenaldian, baina, bere baliabideak neurri baten kamustu egin direla aitortu behar da. Belaunaldi berrien kontrako defentsa, geroz eta nekezagoa egin zaio. Baino bada gotorleku bat, azken egunerarte, Arndt-ek entregatu ez duena: erlojupekoak.  Eta horri esker, ortzadarra soinean agurtu zaigu, hain ondo menperatu duen disziplinan.

Arndt pertsona kementsua eta konplexurik gabea bezela ezagutu degu, errepidean eta errepidetik kanpo. Orain kontura ez datozen hainbat gertaera horren lekuko. Bakarkakoan bereziki nabarmendu arren, behin eta berriz errepikatu du, txirrindularitza talde kirol eta kontzeptua dela. Hortik kanpo, ez diola zentzurik ikusten. Eskuzabala; bere burua taldekideen aurretik jarri ez duena. Emakumezkoen tropelean, indar iturria.

Bere atzetik bigarren, Evelyn Stevens (AEB) sailkatu da, minutu erdira. Londres-en erlojupekotik kanpo gelditu ondoren, etorkizunean taldetik at berriz ez gelditzeko motiboak eman nahi zituela adierazi zuen Stevens-ek. Hasi da merituak pilatzen. Eta, bide batez, abixua ozen Marianne Vos-i larunbaterako: ibilbide hontan edonori hortzak erakusteko gai da Stevens.

Villumsen izan da podiuma osatu duena. Zeelandaberritarrak nekez egiten du huts. Irabazi egin behar zaio. Eta horri esker, azken txapelketa nagusietan, beti ibili da dominen lehian.

Bere laugarren postuarekin, Emma Pooley (GBR) izan da gaurko galtzailea. Aurtengoa ez da bere urtea, inondik ere: “inoiz baino gehiago prestatu eta inoiz baino pattalago”. “Aurrera egin ordez, atzera”. Bere karrerakin zer egin zalantzan bazen Londres-en ostean, ez dut uste, gaurkoaren ondoren, gehiegi animatuko zenik. Ea larunbatean bestela doakion.

Armstrong eta Arndt badoaz. Beraiena izan den erlojupekoaren gotorlekua libre gelditzen da, zaindari berrien zai.

Argazkia: Reuters