Armstrong BBCn: sinesgarritasuna helburu

Armstrong is back. Gaizkile bihurtutako heroia itzuli da. Orain dela bi urte Oprah Winfreyri aitortu zion urtetako dopina (Egoitzen iritzia), eta bueltan da Armstrong, oraingoan BBCko kirol editore Dan Roanen aurrean. 2013ko urtarrilean dena ilun bazen ere, 2015ean “argia” ikusten ari da Armstrong. Hala ere, barkamena eskatzetik urrun, baloiak kanpora botatzean datza txirrindulari ospetsuaren diskurtsoa. Beste behin.

Izan ere, egindakoaz harro ez dagoen arren, berriz errepikatuko luke. Armstrongek esaten diguna zera da: aukera bakarra zen dopina, 1995ean guztiek egiten zutelako. Itzuleraren ostean harrapatu izanak penatzen du Armstrong, dopatzeak berak baino. “Barkamena jasotzeko” garaia dela uste du Armstrongek, baina badirudi ez duela saio handirik egingo. Arrazoia izan ala ez, dena justifikatuta omen dago, erantzukizunik ez duelako hartzen. Eta gainera, batek daki urtetan eutsitako gezurra noraino heltzen den (bigarren itzuleran ez zela dopatu dio). Horrela nekez bilatu ahal da inoren barkamena. Esteka honetan ikus ditzakezue ia ordubeteko elkarrizketa eta erantzun guztiak, ingelesez.

“2015ean lehiatuko banintz, ez, ez nuke berriz egingo, ez dudalako uste beharrezkoa denik. 1995era itzuliko bagina, dopina guztiz orokorra zen garaietara, berriz egingo nuke, segur aski”. Hitz horiekin marrazten du Armstrongek orain dela mende bukaerako txirrindularitzaren egoera eta oraingoaren arteko ezberdintasuna. Garai horietan, dopatzea normalena zen, eta ezinezkoa zen irabaztea tranparik egin gabe. Orain, aldiz, ez omen da orokorra ezta beharrezkoa ere. “Erabakia hartu nuenean, nire taldeak erabaki hori hartu zuenean, tropel osoak erabaki hori hartu zuenean, erabaki txar bat izan zen, akatsez betetako garai batean”. Aldiz, bilakaera horrek ekarri zituen ondorio positiboak aipatu ditu Armstrongek: bizikleta gehiago saltzen hasi ziren, eta Livestrong fundazioak, dirurik ez biltzetik, 500 milioi dolar lortzera eta hiru milioi pertsonari laguntzera igaro zen. Lanceri ez zitzaion gustatu Trekek, markaren alde egindakoaren ostean, harremanak hain azkar etetea.

Ironikoki hitz egiten du Armstrongek bere auzian hainbatek hartutako erabakien inguruan, eta anbiguo agertzen da. Huts egin zuela onartzetik laster pasatzen da hutsa txirrindularitzaren egoera tamalgarriarekin justifikatzera. Bere jarrerari dagokionez, aldiz, penatuta mintzo da: “Gauza horiek egin zituen gizona aldatu nahiko nuke. Agian, ez [dopatzeko] erabakia, baizik eta izan zuen jarrera. Jendea tratatzeko modua, borrokatzen ezin geldituz. Onartezina eta barkaezina izan zen”.

Lehiatzeko debekua altxatuta ikusi nahiko luke Armstrongek, ez zaiolako bidezkoa iruditzen: “Urrutiegi joan den? Bai, noski baietz”. Bizitzaz aldatu du, erabat. Beste etxebizitza batean bizi da, aspaldiko jauregitxoa saldu behar izan zuelako, baina oraindik dirua bankuan eta beste etxe batzuk ditu AEBetan. Iraganera begira, eskuratutako Tourrak bueltan nahi ditu, eta etorkizunera, bizitza publikoa, erritmoa eta kirol probetan parte hartzeko eta donazioak biltzeko aukera berreskuratu nahi ditu. Batez ere, seme-alabak ditu gogoan, eskolan pairatu ahal dituzten ondorioengatik.

Orain, Armstrong UCIrekin kolaboratzen ari da. Galdera guztiak erantzun omen dizkio. Iragana argitu behar duen txostena argitaratuko du CIRCek, otsaila/martxoa bitartean. Argi dago bere tropelkideen zigorrak aise ezberdinak izan direla. Lance turko-buru egin dute, baina euren jarrera ere ezberdina izan zen. Horretan datza diferentzia? Azken momentura arte eutsi zuen Lancek, eta inoizko zigorrik handiena ezarri zioten, eredua ezarri nahian edo.

USADAko buru Travis Tygartek dioena zera da, milaka aldiz entzun duguna: “Beste edonori emandako aukera bera eman genion Lance Armstrongi”. Baina Hincapie, Vande Velde, Zabriskie, Danielson edo beste edonori galdetzen badiozu, nola izan zen esango dizu. Hau esan zieten: “Ez zaitugu zigortuko. Hona hemen entzun nahi duguna”. Niri ez zidaten hori esateko deitu.

Sentitzen dugu egoera honetan jarri gintuztelako. Gutariko inork ez zuen hor egon nahi. Guztiok nahiko genuke baldintza berdinekin lehiatzea, ura eta ogiarekin baino ez, garbi. Sentitzen dugu, bai, baina pentsatzen genuen: “Herrira itzuli beharko naiz, agian eskolara joan, edo lan bat bilatu, edo bizikleta denda batean edo fabrika batean lan egin”. Batzuk Australia, Ekialdeko Europa edo Frantziako herrixka batera itzuli beharko ziren.

Ez zenuke ibilbide ospetsu hori izango, baina behintzat, zintzotasuna mantenduko zenuke.

Bueno, agian ez. Zintzotasuna mantendu zuen oso jende gutxi ezagutzen dut, orduan.

Posible litzateke zigorra leuntzea? “Egunero pentsatzen dut horretan”, dio. Bidezkoa izan al zen? Bidezkoa al da dopatutako askok tropelean jarraitzea? Dopinaren inguruan, zein da helburua? Eta zein bidea?

Txirrindularitzaren (erakundeen, taldeen, txirrindularien) sinesgarritasuna topatu beharko dugu inoiz galderei erantzun ahal izateko.

Argazkia: BBC