Greipelen bigarrena esprintean

Greipel. 2009ko Vueltako 5. etapa garaileAurreratu bezala, gaur Vinarosen amaitu den etapa ere esprintean amaitu da. Bigarrengo aldiz, eta oraingo honetan esprinter nagusiak etapa garaipenaren esprintean sartuta, Greipelek bere Vueltako bigarren garaipena lortu du jarraian Boonen eta Bennatiren aurretik. Honenbestez, bi garaipenek emandako gain sariei esker, Vueltako lider jarri da Columbia-HTCko txirrindularia. Taldearentzat, berriz, hirugarren garaipena.

Gaurko etapak esperotako gidoia jarraitu du. Beno, esperotakoa baino motelagoa. Izan ere antolatzaileen aurre ikuspenik motelenak ere azkar geratu dira gaurko etapan, eta Greipelek helmuga zeharkatu duenean 18:00ak gertu ziren. Beharbada jasan behar izan duten beroak bere eragina utzi du tropelean.

Lehen kilometroetan eguneko ihesaldia sortu da. Tropeltxoan Aitor Hernandez txirrindulariaz gain Lopez Gil, El Fares, Sanchez Pimienta, Pronk eta Serafín Martinez bildu dira. Hauek azken 20 kilometroetara iritsi arte ihesaldian jarraitu dute, baina une oro tropelak kontrolpean izan du aurreko tropeltxoa. Hori bai, Aitor Hernandez ermuarrak etekina atera dio ihesaldiari eta Boom-i mendiko maillota kendu dio lortutako puntuei esker. Gai izango al da maillot horri eusteko? Beharbada igandera arte bai, baina hortik aurrera…

Vinarosera iritsi aurretik, antolatzaileek helmugatik 8 kilometrotara gaintxo bat zuten prestatua. Bigarren mailako bide batetik joan dira Ermitako gaina igotzeko eta hor De la Fuentek lehenik eta gero Gilbertek erasoa jo dute. Espainiarraren saiakera ez da behar besteko gogorra izan, baina bai belgikarrarena.

Silence-Lottoko txirrindularia tropelari tartea 20 segundoko tartea ateratzen zion 4 kilometroren faltan. Etapa garaipena eskuratzen bazuen lasterketako lider ere jarriko zen Greipelek egin duen bezala. Bazirudien ondo zihoala, baina atzetik tropelak ez du barkatu eta Gilbertek, ustu-ustu eginda, amore eman behar izan du. Esprinta jokatu behar zen.

Gaurkoan esprinter faborito guztiak aurrean ziren baina azken bihurgunean Ciolek erori egin da. Ez dirudi ezer larririk izan duenik baina etapa garaipenaren lehiatik kanpo geratu da. Azkenean, esan bezala, nagusitasunez lortu du garaipena Greipelek Boonen eta Bennatiren aurretik.

Aitor Hernandez bidoi eramailea

Ez dakit etapa ikusteko aukera izan duzuen, baina ikustekoa izan da. Tropelean ohiko “gregarioek” beren taldeetatik ur bidoiak hartzen aritu dira gainontzeko taldekideei emateko, esan bezala bero baitzen Tarragona aldean. Helmugarako 40 kilometro inguru falta zirela, eguneko ihesaldia aurretik zela, tropeltxoak minutu bateko errenta zuen. Euskaltel-Euskadiko zuzendariak ihesaldiaren amaiera iristen ari zela edo pentsatuko zuen (besterik ez zait bururatzen), eta Aitor Hernandezi banatu beharreko bidoi guztiak eman dizkie! Barkatu, baina nik ez dut oso ondo ulertu. Gizajoak gutxienez 8 bidoi izango zituen soinean. Delgado eta De Andresek arrazoi ezberdinak eman dituzte gertaera ulertzeko, baina bukaeran txiste eta guzti egiten aritu dira. Eta ez zen gutxirako! Mandoa baino kargatuago (zer, 2-3kgr soinean?) hor ari zen erreleboak ematen.

Noski, tropelak ez zuen nahi ihesaldia oraindik amaitzerik (ohikoa den bezala) eta ihesaldiak beste 20 kilometrotako bizia izan du. Ordurako Aitorrek zituen bidoi guztiak gainontzeko ihes-kideen artean banatu ditu. Seguru adiskide gehiago egin dituela keinu honekin. Ikustekoa, benetan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.