Vueltako esprinterrik azkarrena Degenkolb

Degenkolben 3. garaipena

Alemaniarra aurtengo Vueltako esprintetan nagusi ari da izaten. Orain arte hiru esprint jokatu dira eta hirurak irabazi ditu. Gaurkoa izan da azkena.

Motorlanden amaitzen zen gaurko etapa eta motoen pare egin dute esprinta. Bazirudien Swiftek aukera ona izan behar zuela, SKY taldeak behintzat dena eman du horretarako. Ez da, ordea, nahikoa izan eta 10. helmugaratu da.

Alemaniarraren atzetik Viviani sailkatu da eta garaipena eskura izan du; oso gutxigatik ez du eskuratu garaipena. Davis izan da lehen hirukotea osatu duena.

Motoen pistara sartu aurretik gaurkoan eroriko bat izan da. Tartean Gerdemann eta Markel Irizar izan dira. Tropela moztu egin da eta aurrean SKYk hartu du tiratzeko ardura. Mozketa horretan, ordea, Uran taldekidea zuten arren, sailkapen nagusian ondo kokatua, atzean uztea erabaki dute. Kolonbiarrak helmugan 1:09 galdu ditu eta sailkapen nagusiaren lehiari agur esan diola esan daiteke.

Ezin utzi aipatu gabe eguneko ihesaldia. Javier Aramendia, Lindeman eta Rabonek osatutakoa izan da. Txalotzekoa Javierren protagonismoa lehen aste honetan.

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.