Degenkolb da Vuelta honetako esprinterra

Degenkolben laugarren garaipena

Gaurkoan laugarren etapa garaipena eskuratu du alemaniarrak. Zalantzak bazeuden ere, aurtengo Vuelta honetan indartsuena eta azkarrena, nola ez, bera dela argi geratu da.

Galizian da tropela eta bertan izango da hurrengo egunetan ere. Profilari begiratuta bazirudien gaurkoan iheslariek aukeraren bat izan zezaketela; horretan saiatu dira Javier Aramandia (CRJ) – dagoeneko laugarrenez! Gaur ere lehiakorrenaren saria eman diote – eta Palomares (ACG). Tropelak, ohi moduan, ibilbide gorabeheratsua izanik ere, ez du behar besteko esfortzurik egin beharrik izan lasterketa kontrolatzeko.

Azken 20 kilometroetan urduritasuna nabaritu da. SKY taldea izan da tropelari ibilbidea irekitzen, bai Swifti esprinta prestatzeko bai Froome arazorik gabe aurrean izan zedin. Bitartean Cobo (MOV) beste zenbait txirrindularirekin atzean geratu da, lasterketatik erabat deskonektatuta bailitzan.

Orica Green EDGEk ere esprinta nahi zuen eta Davisi (OGE) konfidantza erakutsi. Tropel buruan izan dira, baina azken maldara iritsi aurretik RadioShackek Bennatiren (RNT) aldeko lana egin du. Alferrik, ordea. Azken metroetan maldan, esprint luze bat eginda, Degenkolb nagusitu da. Bouhanni (FDJ) izan da Degenkolbi jarraitzeko gai izan den bakarra, baina ez gailentzeko besteko indarrekin – argi hala ere eprinter frantziarrarekin hurrengo etapa edo lasterketei begira. Hirugarren Bennati izan da.

4 esprintetatik 4 Degenkolbek bereganatu ditu. Esprintetan areriorik ez duela erakutsi digu Argos-Shimanoko txirrindulariak. Arerioa, ordea, maillot berdearen lehian ditu eta ez nolanahikoak: Purito (KAT) eta Valverde (MOV). Ikusi beharko dugu zer ematen digun maillot berdearen burrukak hurrengo egunetan.

Erlojuaren kontrako saioaren zain

Asteburuko mendiko etapak iritsi bitartean, bihar izango dute Vueltaren lehian daudenak denborak egiteko. Alde batetik Froome (SKY) eta Contador (STB) daude. Hauek denbora ona egin dezakete eta sailkapenean aurrera egin. Beste aldean, berriz, Purito eta Valverde. Hauek denbora galdu dezakete aurreko bikotearekiko. Baina horrenbesterako izango al da? Badirudi ezetz, baina edozer gerta daiteke.

Etaparen garaipenaren lehian Froome eta Contador beraiek izan daitezke, baina ez dugu ahaztu behar Tony Martin ere hor dela besteak beste.

Badut gogoa biharko etapak zer ematen duen ikusteko. Hori bai, garbi dudana da Puritok bihar askok uste baino denbora gutxiago galduko duela.

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.