Ikuskizunaren mesedetan

Purito podiumean

Lortu dute nahi zutena. 11 egun pasa dira Espainiako Itzulian eta lehen lau sailkatuak 58 segunduren tartean daude (lehen hirurak 15 segundutan). Ah! Eta horietatik 3 espainiarrak, tartean aurtengoan dopin zigorretatik bueltan diren Contador eta Valverde ultramaitatuak. Pentsa, Rodriguez lider irten da itzuliko banakako erlojupeko bakarretik! Espektakulua!

Gaurkoari so, Pontevedra inguruan izan da etapa, eta egia esan, aurten Samuel Sanchezek Oñatin irabazi zuenaren antza handia hartu diot. Aldapa gogorra eta jaitsiera teknikoa. Erlojupeko klasikoa ez behintzat inondik inora. Valverdek eta Rodriguezek Castroviejo, Meyer edo Talansky bezelako espezialistek baina denbora hobea egin dutela esanda… Viva!

Etapa Kessiakoff (ai ama) suediarrarentzat, eta hautagai nagusien artean Contador ondoen. Aldapa piko eta motz horietan lortu ez duena lortu du behinik behin: gainontzekoei denbora sartzea. Hala ere, ez da nahikoa izan lidergoa lortzeko. Pentsa, momentuz diferentzia gehiago izan dira bonifikazioetan eta Errioxako erorketan bestelako diferentzietan baino!

Euskaldunei dagokienez, Beñat Intxausti (bostgarren!) eta Jonathan Castroviejo bikain lehen hamarretan sartuta. Igor Anton, benetan eskas, batik bat Valverde eta Rodriguezen denborak ikusirik.

Gesink ere ondo, benetan teknikoa zen ibilbide honetan hanka lurrean jarri gabe.

Ez dakit zuek, baina ni neu behintzat aspertzen hasia naiz egunero aurpegi eta izen berdinak ikusten hor aurrealdean. 3-5 kilometrotako aldapa tenteak? Bale, ados, baina erlojupekoan ere bai? Hau Espainiako futbol ligaren antza hartzen hasia da, eta geratzen dena ikusita! Bihar aldapa pikoa, gero beste 3 mendatetan amaiera jarraian, Fuente Dé, Bola del Mundo ere bai… Zuek ere gustora beti aurpegi berak ikusten?

Audientziak gora, baina txirrindularitzak?

Argazkia: steephill.tv/sirotti