Carnage!!

Hitz hori zerabilten Twitterren erorikoan nahastuak izan ziren txirrindulariak. Egia esan ez zen gutxiagorako izan. Asko izan ziren kaltetuak eta zenbait ospitalerako bidea hartu behar izan zutenak, tartean hiru euskaldun.

Hona hemen kaltetuen zerrenda:

Amets Txurruka (EUS): lepauztaia hautsita.

Mikel Astarloza (EUS): eskuineko ukalondoa lekutik atera zitzaion. Zorionez ez du hautsirik.

Imanol Erviti (MOV): eskuin zangoan zauri larria. Ebakuntza egin behar diote.

Poels (VCD): hiru sahiets hautsita izateaz gain, giltzurruna, birikak eta bazoa kaltetuak.

Vigano (LAM): sorbalda batean zauri larriak.

Danielson (GRM): urratu ugariaz gain, ezker sorbalda lekuz atera zuen. Bere bizikleta ikusita nola geratu zen, imagina dezakegu ze eroriko larri izan zuen.

Dupont (ARM): eskumuturra eta horno bat hautsita.

Freire (KAT): hirugarren kostila hautsita helmugaratu zen. Hau ere erietxera eraman zuten helmugaratu ostean. Lasterketa utziko du, baina ea ez duen txirrindularitza uzten.

Wynants (RAB): sahietsak hautsita eta birika bat zauritua.

Hautaz gain beste zenbait txirrindulari zauri arinago batzuekin helmugaratu ziren eta gaur erabakiko dute errepidera irten ala ez, tartean Hesjedal (GRM).

Nire animorik beroenak kaltetu guztiei, batez ere Amets, Mikel eta Imanoli.

Baina zerk eragin zuen erorketa hau?

L'Equipen arabera, tropela helmugarako 25kmra aurkitzen zela, Petacchik bere oinetakoen babesak kendu zituen esprinterako hobe izango zuelakoan. Hauek Virganori eman zizkion tropela abiadura bizian ziola (70km/htik gora). Momentu horretan Virganok aurrekoaren gurpila ikutu zuen eta erorikoa gauzatu omen zen.

Ez zen hori bakarrik izango. Haizea ere bazen eta Tourreko lehen asteak urduritasuna nabarmentzen dela ikusita, guzti horrek, erorketa larri hau eragin zuen.

Hau ere txirrindularitzaren parte al da?

Betiko galdera. Iaz izen nagusiagoek utzi behar izan zuten lasterketa: lehen astean Brajkovic eta Wiggins izan ziren, beranduago Van den Broeck eta Vinokourov. Oraingoz lehen aste honetan zenbait faboritok denbora galerak izan dituzte eta ez du inork lasterketa utzi; beharbada Hesjedalek utziko du, baina ez da oraindik jakin.

Hau txirrindularitzaren parte al da? Honela izan beharko al luke? Zer egin daiteke horrelakoak ekiditeko? Arduraduna antolakuntza al da? Galderak baditut, baina ez naiz erantzuteko gai ikusten.

Eguneraketa: Hesjedalek azkenean lasterketa utzikoduela ziurtatu du taldeak

Argazkia: @ainarahernando

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.