Markel Irizar, Cancellararen bizkarzain

Duela egun gutxi susto ederra hartu zuen Markel Irizarrek eta bide batez susto ederra eman zigun zaleoi. Entrenatzen ari zela erori egin zen. Eroriko horren ondorioz, besteak beste, aurpegia puztu zitzaion eta hatz bat hautsi zuen. Zorionez, oñatiarrak hobera egin du, nabarmen gainera.

Punto Radio irrati katean egin diote elkarrizketa Markel Irizarri eta txirrindulariak aurreratu du dagoeneko mendian barrena ibili dela, etxeko arrabolan edo rodilloan ere badabilela. Kepa Zelaia medikuarekin Calpera joan zen duela egun batzuk, RadioShack Nissan-Trekeko bere taldekideekin elkartzera eta twitter bidez jakitera eman berri duenez, bihar bertan -astelehenean- itzuliko da etxera. Ziklistak espero du berandu baino lehen errepidera ateratzea.

Datorren denboraldiaz ere hitz egin du Irizarrek irratiko elkarrizketan. Cancellarak parte hartuko duen proba gehienetan ariko da. Horrenbestez, udaberriko klasiko handietan ikusiko dugu. Gogo biziz aterako da suitzarra lasterketa horietan, aurten ezin izan baitu bakar bat bera ere irabazi. Hori horrela, Paris-Niza eta Euskal Herriko Itzulia alboratu beharko ditu Irizarrek. Frantziako Tourrean parte hartuko duen ez daki oraindik; 14 ziklista omen daude Nissan-Trek taldeak eginiko lehen aukeraketan –Markel barruan da- eta multzo horretatik aterako du Bruyneel zuzendariak behin betiko bederatzikoa. Gauzak ondo, hori bai, Donostia-Donostia klasikoan eta Espainiako Vueltan lehiatuko da.

Gogoan izan RadioShackek eta Leopard Trekek bat egin dutela, eta hori dela eta, Cancellara edota Shleck anaiak –bukatzear den urtea Leopard-Treken aritu dira- izango dituzte talde lagun Markel Irizarrek eta Haimar Zubeldiak.

Tropelzaleok guztiz eta azkar osa dadila opa diogu Markeli

Arg: Wikipedia