Giro polita ikusteko aukera

Atzo aurkeztu zen Milanen 2012ko Giroa. Streaming bidez aurkezpena zuzenean ikusteko aukera interneten eta twitterren galan zeuden lehen lerroko txirrindularien asistentzia jakin genuen. Protagonista nagusia, han aurkeztu zuten bezala, Matador Alberto Contador (amaieran tarte bat eskainiko dioguna), baina baita Cunego, Scarponi, Cavendish…

Denboraldiko lehen itzuli handia maiatzaren 5ean hasiko da eta Danimarkako Herning hirian hasi eta Milanen maiatzaren 27an amaituko da. Txirrindulariek guztira 3.476 kilometro gauzatu beharko dute (etaparen bat ez badute mozten behinik behin).

Uste dut Giro polit bat ikusteko aukera izango dugula txirrindulari zaleok. Lehenengo astetik gauza interesgarriak ikusiko dira. 8 kilometroko lehenengo etapa bat, erlojuz kontra bakarkako lanean. Taldeekako erlojuz kontrako etapa, 32 kilometrotakoa, eta gain batean amaituko den etapa (7. etapa, Recanati – Rocca di Cambio). Lehen hiru etapak Danimarkan ospatuko dira. Hirugarren etapa (nire italiera ez bada oso txarra) ulertu nuen Wouter Weylandt-en zenari omenaldia egingo diote.

Bigarren astean zailtasuna hasiz joango da. Aste honen amaieran lehen goi mailako mendiko etapen amaierak biziko dira. Eta horrela iritsiko dira hirugarren aste beldurgarrira: Dolomitak. Maiatzaren 23, 25 eta 26ean izango dira etapa nagusiak. Aipatutako azkena, etapa erregina, 5.000 metroko desnibelarekin eta edizio honetako amaiera Cima Coppin, Stelvio mendatean (egun horretan Mortirolo mendatea igoko da, alde berri batetik). Hurrengo egunean, gauzak erabakitzeko badaude, 32 kilometroko bakarkako erlojuz kontrako saioak ebaztuko du 95. edizioko Giroko garailea.

Mespretxua Giroari

Komunikabideez gain, txirrindulari askorentzako Giroa bigarren mailan kokatua dagoen lasterketa bat da. Lehen mailan Frantziako Tourra egongo litzateke. Argumentu hau defendatzeko adibide garbiena RTVEk ematen dion tratua denboraldiko lehen itzuli handiari (salbuespen gisa Alberto Contadorrek bere lehen Giroa irabazi zuenean azkeneko hiru etapak eman zituzten zuzenean. Jarrera oportunista bat ikusleak irabazteko. Zorionez Euskal Herrian ETB daukagu eta kasu honetan kritikatik at gelditzen da).

Hau esanda, galdera bat datorkit burura: eta iazko irabazlearentzat nolako garrantzia dauka Giroak? Alberto Contadorrek egin zituen deklarazioen ostean mespretxatu bezala egin zuen lasterketa hau: “ez naiz gehiago Girora itzuliko Tourra lehiatzen badut”. Alde batetik logikoa eman dezake Girora ez joatea Tourra irabazi nahi bada (soilik supertxirrindulariek lortu izan dute Giro-Tour jarraian irabaztea. Azkena Pantani eta azken aurrena Indurain). Baina lasterketa batek hartu zizunean komunikabideentzat zegoen lasterketarik garrantzitsuenak betoa ezarri ostean horrelako adierazpen egitea ez zait oso zuzena iruditzen (2008an Astana taldeari frantziako itzuliak betoa ezarri zion aurreko urtean Vinokourov-ek positibo eman zuelako.) Errespetu gehiago merezi du lasterketa honek. Gogoratu behar dugu azken urteetan hiru handietatik ikuskizun gehien eman duen lasterketa izan dela.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.