Porca miseria, Nibali!

Zaugg suitzarrak irabazi du denboraldiko azken proba handia. Nibalik urrutitik jo du, ausart jokatu du Lonbardiako errusiar mendian, baina ez du bere balentria azken bururaino eramaterik izan. Igor Anton 15. postuan sailkatu da eta Mikel Astarloza eguneko ihesaldian sartu da.

Lieje-Bastonje-Liejerekin eta Donostiako Klasikoarekin batera, Lonbardiako Giroa da igotzaileentzat klasiko aproposena, min egiteko eta garia eta lastoa banatzeko aldapak baitaude. Gaur ere, irabazteko lehian ibilitako ziklista gehienak ondo moldatzen dira aldapan gora.

Boskote batek osatu du eguneko ihesaldia. Tartean ziren Mikel Astarloza sanpedrotarra eta Van Summeren, Paris-Roubaixeko irabazlea. Tropelak harrapatu ditu helmugatik 70 kilometrora. Probako mendate ezagunenean, Gishallon, Nibalik hordagoa jo du: erasoa jo du eta hasiera batean Gilbertek eutsi badio ere, italiarra bakarrik joan da aurrera eta mendate horren jaitsieran ia bi minutuko aldea ere izan du. Denboraldi osoan pilatutako amorrazioa askatu nahian zebilela zirudien. Gogoan izan, Giroan Contador gaindiezinarekin tupust egin zuela Liquigaseko ziklistak eta Espainiako Vueltan uste baino makalago ibili zela –irabazteko asmoarekin zebilela aitortu zuen berak, baina zazpigarren postuan amaitu zuen-. Handia egiteko bidean zen Nibali, zuri-beltzezko garaipen baten bila abiatu da, benetan, beste garai batekoa baita jokabide horren erasokorra. Baina helmugarainoko tartea talde handi batentzat aproposagoa zen ziklista bakar batentzat baino. Hori horrela, marrazoa harrapatu du tropelak –zazpi minutura heldu da helmugara, amore emanda- eta azken aldapan, Leopardeko Zauggek aurrera jo du. Suitzarra bakarrik helmugaratu da. Haren atzetik, Martin, Rodriguez, Niemec, Basso eta Pozzovivo, zortzi segundora. Gilbert ere ez da aparte ibili eta 16 segundora iritsi da.

Euskal Herriko ziklistei dagokienez, Mikel Astarlozaren grina agerian geratu da eguneko ihesaldian sartu baita. Igor Anton ere ez zegoen sasoiez batere gaizki; horren adierazgarri, 15. postuan iritsi izana, 27 segundora.

Argazkia: Riccardo Scanferla / cyclingnews