Agur, Wouter

Italiako Giroko hirugarren etapak albiste tragiko bat utzi digu. Wouter Weylandt (Leopard Trek) 26 urteko belgiarrak, Passo del Boccoko jaitsieran eroriko larri bat izan ostean, bizia galdu du. Tentsio handiko uneak bizi izan dira errepidean, Weylandtek buruan kolpe gogor bat jasanda konortea galdu baitu eta helikopteroa iritsi bitartean lasterketako medikuek masai kardiakoa hainbat aldiz egin behar izan diote. Helikopteroak lurra hartzeko oso ingurune eskasa izaki, minutuak aurrera joan dira eta erorikotik ordubete pasata, Weylandten gorputza itzali egin da.

Wouter Weylandt 1984ko irailaren 27an jaio zen Ganten, eta Quick Stepen debutatu zuen profesional mailan, 2006an. Lehen urte zail bat izan zuen mononukleosi bat medio eta gero, Tom Boonenen itzalean arituta ere, garaipen ederrak lortua zen, esate baterako iazko Giroan etapa bat edota 2008ko Vueltan beste etapa bat. Aurten Leopard Trek-era salto eginda bere onenak ematekotan zen, baina zoritxarrak Wouterren ibilbidea Rapallon bukatzea erabaki du. Albiste txar hau tragikoagoa egiteko, Wouter Weylandt aita izatekotan zen irailean, eta halaxe zioen bere twitterrean, poztasun handiz.

Tropelan Wouter Weylandt ez dugu ahaztuko eta bere familia, lagun eta taldekideei besarkada handi bat helarazten diegu.

Goian bego.