Italiako Giroa: gogortasuna muturrera eramanda?

Giroko antolatzaileek Italian zehar dauden mendateak dituzte alde ibilbide gogorrak prestatzeko orduan. Urteak joan urteak etorri oso etapa aldapatsuak izaten dira Italiako itzulian, eta aurten bide beretik joango da hiru asteko lehenbiziko itzulia.Taldekako erlojupekoarekin hasiko da lasterketa. Aldea egongo da, noski, batzuen eta besteen artean, baina ikusita zer nolako etapatzarrei egin beharko dieten aurre, lehen erlojupeko horrek utziko dituen aldeak sinbolikoak izango dira, ziur.

Lehen astea, egiari zor, lasai samarra izanen da. Hori bai, zazpigarren etapa Montevergine di Mercogliano mendatean bukatuko da, eta bederatzigarren etapan –igandearekin- Etna sumendia bi bider igoko dute. Esan ohi den bezala, galbahe lana egingo dute lehen etapa menditsuek, garia eta lastoa bereiziko dute. Larri dabiltzanek mozorroa kenduko dute, eta itzulia irabazteko asmoz nortzuk dabiltzan ikusiko dugu.

Bigarren astean, gogortasuna ‘in crescendo’ joango da, bai horixe. 13. etapa –ostiralarekin- Austriako Grossglockner mendatean bukatuko da. Hala ere, nekez mugituko dira bertan faboritoak, kontuan harturik hurrengo bi etapetako menua. Larunbatean, Zoncolanen bukatuko da etapa. Zoncolan Europako aldapa tenteenetakoa da, eta horrekin nahikoa ez eta Crostis igoko dute aurretik; hura bertatik bertara ezagutzera joan direnak beldurraren beldur etxeratu dira, izan ere, igoera oso gogorra izateaz gain, jaitsiera arriskutsua iruditu zaie, errepidea –nolabait deitzearren- estu-estua da. Eta Zoncolanen ere ezin izango dituzte indar guztiak xahutu, igandeko etapa ere ez da makala. Besteak beste, Passo Giau eta Passo Fedaia –Marmolada- igoko dituzte Val di Fassara bidean. Etapa nagusitzat jo daiteke hori.

Baliteke Val di Fassan lasterketa erabakita, edo ia erabakita gelditzea. Eta oraindik ere gogortasuna sobera izango dute zain ziklistek azken egunetan. Hasteko, Novegaleko kronoigoera; jarraian, Macugnagako gainean bukatuko den etapa, eta amaitzeko, hara non Finestre –azken kilometroek malda handia dute eta errepidea ez dago asfaltatuta- igo beharko dute, eta Sestrieren bukatu. Duela sei urte etapa horretan bertan sekulako aldea izan zen batzuen eta besteen artean. Azken egunean Milanoko kaleetan erlojuz kontra ariko dira txirrindulariak (33 kilometro). Marka litzateke saio horretan zerbait jokoan izatea. Ibilbide honi bere osotasunean erreparatuta, gogortasuna muturrera eraman duten irudipena dut nik behintzat.