Hego Amerikara begira

Astearen hasieran Kolonbiako Colombia es Pasion taldeari buruzko erreportajea plazaratu zuen egunkari batek. Arrazoia? Haren burua ezagutzera ematen ari da talde hori eta egunotan Kataluniako Voltan da. Erreportajea irakurri eta neure burua lanean jartzea biak bat izan ziren. Betidanik izan diet sinpatia Hego Amerikako txirrindulariei eta haien peskizan bistadizoa eman diot tropelari.

Kolonbian txirrindulariei pedaleroak deitzen diete, eta bada urteak lehen mailan dabilen pedalerorik: Caisse d’epargnetik Skyra igaro den Uran (24 urte), Movistarren azken urte txarrak atzean uzten ahaleginduko den Soler (28 urte), Geoxen morrontza lanak egiteko prest dagoen Ardilla (31 urte), denboraldi honetan Friulliko Giroa eskuratu duen Serpa eta Cofidisen dabilen Duque. Horiek dira ezagunenak, baina gehiago ere badira. Ea ba…

Geox taldeko Duarte -argazkian- gertutik jarraitu beharko dugu. Menchov eta Sastreren altzoan asko ikas dezake 25 urteko txirrindulariak. 2008ko Munduko Txapelketan txapeldunordea izan zen eta iaz, Asturiasko itzulian etapa etxeratu zuen. Kataluniako Voltan ibilitako Quintanak Etorkizuneko Tourra irabazi zuen iaz; bada zerbait. Haren taldekide bat, Cano, oilarren artean ibili zen Voltako mendiko etapan, eta taldeko zuzendariek Salazarrekin eta Chavezekin ere erne ibiltzeko ohartarazi dute. Italiara jauzia orain, Acqua&Sapone taldean dabiltzalako Sarmiento, Betancur eta Pachon. Baliteke Giroan hirurak ikustea.

Kolonbia alde batera utzi eta Venezuelara goaz. Rujano bueltan da. 2005 eta 2006ko Giroetan aho bete hortz utzi gintuen eta maglia arrosa irabazteko zorian egon zen Savoldellik eskuratutako bigarren Giroan. Talderik talde ibili da ordutik; apenas ikusi dugu itzuli handitan, eta aurten etxera itzuli da, Savio aitabitxiaren altzora. Gai izango al da Rujano garai bateko maila berreskuratzeko? Beharbada garaiz dabil, 29 urte betetzear baita.

Venezuelatik Costa Ricara. Tira, Erdiko Amerikan sartu gara, baina merezi du Amadorri buruz lerrotxo pare bat idaztea behintzat. Urtetan Euskal Herriko errepidetan egurrean ikusi ostean -2008an Nafarroako Itzuliko etapa batean gailendu zen eta 2009an Bidasoako Itzulia poltsikoratu zuen- aurten Unzueren Movistar taldean dabil; hirugarren urtea du profesionaletan eta badirudi denboraldi honetan leher daitekeela. Bere burua erakusteko ausardia izan zuen duela pare bat aste Tirreno-Adriatikon.

Ziur txirrindulariren baten bat ahaztu dudala, baina batik bat aldapan gora ikuskizuna emateko lehengaia badago, ezta?