Haimar Zubeldiak Tour de l’Ain-eko prologoa irabazi du

Haimar Zubeldia erlojuaren aurka3km-ko prologoa jokatu da gaurkoan d’Ambérieu-en-Bugey herrian, Lyon hiritik 56 kilometrora. 106 txirrindularik hartu dute irteera eta usurbildarra izan da herri barruko ibilbidea gauzatzen azkarrena. Zorionak Haimar!!

Donostiako Klasikoan indartsu ikusi genuen Haimar Zubeldia eta oraindik hala dagoela dirudi. Gadret, Voeckler edo Pinotti bezalako arerio gogorrak menderatu beharko ditu itzuli hau irabazi nahi badu. Prologo honez gain beste lau etapa jokatuko dira. Erabakigarrienak ostiral eta larunbatean jokatuko direnak izango dira, bereziki larunbatekoa. Azkeneko etapan Colombier gain ezaguna igo beharko dute.

Haimar Zubeldia RadioShack-eko taldeburu bezala arituko da Tour de l’Ain-en. Berari laguntzen Markel Irizar euskalduna ere izango da. Hala ere ez dira bi hauek itzuli honetan arituko diren euskaldun bakarrak; Pierre Cazaux Francaise des Jeux taldeko donapalearra ere bertan ari baita.

Ia Haimar itzuli hau irabazteko gai den. Animo Haimar!!

Denboraldiko asterik biribilena itxi du Euskaltel-Euskadik

samuAbuztuaren hasiera ezin hobea izan da talde laranjarentzat, benetan. Denboraldi honetan izan du taldeak une pozgarririk, hala nola Beñat Intxaustiren hirugarren postuarekin Euskal Herriko Itzulian, Gorka Izagirreren garaipenarekin Luxenburgoko Itzulian, Samuel Sanchezek eginiko Tour onarekin… Baina Burgosko Itzulia benetan bikaina izan da.

Koldo Fernandez de Larreak irabazi zuen lehen etapa; Samuel Sanchez nagusitu zen bigarrenean eta asturiarrak azken etapa eta sailkapen nagusia etxeratu ditu. Lagunas de Neilako gainean bukatu da azken etapa eta itzulia erabaki. Euskaltelek oso erritmo gogorra jarri du Caruso liderra itotzeko, eta baita lortu ere. Igor Antonek aurrera egin du aurrena, eta min handia egin du, taldea asko murriztu delako. Azken kilometroko pankartapetik, hiru ziklista pasatu dira elkarrekin: Samuel Sanchez, Ezequiel Mosquera eta Vincenzo Nibali. Italiarra baina, atzean geratu egin da azken aldapatzarran, eta azkenean Samu eta Mosquera lehiatu dira etapa eta itzulia irabazteko –berdinduta zeuden biak sailkapen nagusian-. Asturiarra azkarragoa izan da eta besoak altxatu ditu helmugan. Mosquera bigarren iritsi da eta Nibali, hirugarren. Samuel ez da Espainiko Itzulian egongo, baina hasiera batean behintzat, Mosquerak eta Nibalik parte hartuko dute. Itzulia hasteko hiru asteren faltan, sasoian daudela erakutsi dute espainiarrak eta italiarrak. Burgosen etapak eta sailkapen nagusia bakarrik ez; Samuel Sanchez datozen bi denboraldietarako lotu du Euskaltel Euskadik. Esandakoa, denboraldiko aste onena.

Fernandez de Larreak irabazi du Burgosko Itzuliko lehen etapa

08_koldo_fren_ndez_in_the_ascent_600

Ezin hobeto hasi da Burgosko Itzulia Euskal Herriko txirrindularientzat. Euskaltel Euskadiko Koldo Fernandez de Larreak irabazi du lehen etapa, esprintean. Burgosko Itzuliak beste lau etapa ditu. Gauzak ondo, ostegunekoa eta larunbatekoa esprintean bukatuko dira, ihesaldi batek tropelari iskin egiten ez badio behintzat. Giltzarriak ostiraleko eta igandeko etapak izango dira. Ostiralean 20 kilometro pasatxoko taldekako erlojupekoa izango da eta igandean etapa nagusia izango da; Lagunas de Neilako mendatean bukatuko da.
Parte hartzaileen aldetik, tropel polita erakartzea lortu dute antolatzaileek sailkapen nagusiari begira. Euskaltel Euskadik, adibidez, Samuel Sanchez, Igor Anton eta Romain Sicard eraman ditu. Kontuan izan beharreko beste izen batzuk egon badaude, hala nola, Liquigaseko Vicenzo Nibali italiarra –hirugarrena bukatu zuen Italiako itzulia ziklista gazteak- eta talde horretan bertan morrontza lanak egin ohi dituen Oliver Zaugg suitzarra.
Stefano Garzelli beteranoa ere gertutik zaindu beharko dute azken eguneko aldapan. Baita Ezequiel Mosquera eta Juanjo Cobo espainiarrak eta Botcharov errusiar ttikia ere. Giroan maglia arrosa jantzita Mortiroloko etapara arte iraun zuen txirrindularia ere, David Arroyo, partaideen zerrendan dago.

Argazkia: Monika Prell. cyclingnews.es