Tourreko kinielaren truk kamiseta opari

Tropela.net-Denda

Webgunean aurreratzen dugun bezala, 2009ko Frantziako Tourreko lehiaketako kiniela egiteko epea bihar eguerdiko 12:00etan hasiko da beranduenez. Azken prestaketa lanak egiten hari gara eta prest izan bezain laster kinielak egiteko aukera zabalduko dugu.

Aurtengo ekitaldian ekimen berezi bat martxan jartzea erabaki dugu: egunero kiniela egiteko epea amaitu artean kiniela egin duten guztien artean kamiseta bat zozketatuko dugu. Noski, horretarako erabiltzaileen datuak zuzenak izan behar dute hala izango ez balira kamiseta ez irabazteaz gain Tourreko lehiaketan parte hartu gabe geratuko bailitzateke.

Zer egin behar da parte hartzeko? Lehen baileen kiniela egin eta erabiltzailea aktibatu. Oraindik erabiltzailerik ez baduzu berria sortu eta kiniela egin. Lehendik erabiltzailea baduzu zuzenean kiniela egin besterik ez duzu. Dagoeneko erabiltzaile aktibatuta baduzu zozketan sartzeko moduan zara, baina bestela ez itxaron gehiago zure erabiltzailea aktibatzeko.Eta zergatik lehen baileen? Bada eguneroko zozketan orduraino kiniela egin duten guztiak hartuko baitute parte. Hau da, kiniela egiteko aukera eskaintzen dugun momentuan kiniela egin ezkero 22 kamiseten zozketan parte hartuko duzue. Uztailak 3an egin ezkero kiniela 2 kamiseten zozketan bakarrik hartuko duzue parte. Gainera zenbat eta lehenago egin, orduan eta probabilitate altuago kamiseta egokitzeko zakuan erabiltzaile gutxiago izango baitira.

Sarituak “Zozketa” atalean argitaratuko ditugu. Saritua izan bazara, email bat bidali [email protected] helbidera kamisetaren neurria adieraziz. Guk konfirmazioa bidaliko dizuegu eta uztailean zehar, Frantziako Tourraz gozatzen ari garen bitartean, kamiseta etxean jasoko duzue.

Eta ez ahaztu egokitzen ez bazaizu beti izango duzula Tropela Elkarteri laguntzea kamiseta bat erosiz.

Zorte on guztioi eta Tour eder batetaz gozatzeko aukera izan dezagula!!

Mont Ventoux-en lider berriak etapa opari

Valverde eta Szmyd Mont Ventoux-eko helmuganAtzoko etapa ikusteko aukerarik ez nuen izan. Pena, benetan, baina zenbait kronika irakurtzen aritu naiz eta harrituta utzi nau Valverderen jarrerak. Ikusteko aukera izan duzuenok zuzenduko nauzue, baina post hau idazteko modukoa iruditu zait.

Badirudi Valverdek Tourrean korritzeko aukera ez duela guztiz baztertu eta gaurko etapan zer emateko gai den erakutsi nahi zuela. 9. kilometroan jotako erasoaren ondoren Evans eta gainontzeko faboritoak utzita aurrera jo du. Szmyd izan du bidelagun murtziarrak eta aurretik ziren gainontzeko txirrindulariak gaindituz joan dira igoeran aurrera joan diren heinean. Faboritoekiko denbora tartea handitzen joan da eta helmugara heltzerako Valverde Dauphiné Libéréko lider berria zen.

Bazirudien “etapa zuretzat eta lidergoa niretzat” hitz egin beharrik gabe adosten den paktua beteko zela eta halaxe izan da. Azken 500 metroetan Szmydi “zangoak gelditu zaizkio” eta aurrera jo ezinda geratu omen da. Valverdek, indarrez sobra, zain egotea erabaki du garaipena Liquigaseko txirrindulariarentzat izan zedin. Esan bezala, murtziarrarentzat maillot horia eta etapa garaipena poloniarrarentzat.

Egin dituzten adierazpenen arabera ez omen dute ezer adostu. Izan daiteke, baina garaipenak hain garesti diren egun hauetan ezagutzen ez dugun beste arrazoiren bat egon daitekeela uste dut. Hona hemen Valverderen hitzak, zuek epaitu:  “Etapa ez da zehazki opari bat izan. Szmydek zangoak (etapa) irabazteko modukoak zituen. Nik bere lankidetza eskertu diot. Biok kirol gizonak gara”.

Colomen positiboa

Toni ColomJakin berri denez, Colom Mallorkako txirrindularia EPO hartu duenaren susmopean dago. Dirudienez apirilak 2an, justu 2009ko Euskal Herriko Itzulia baino lau egun lehenago, lehiaketaz kanpo egindako analisi batean EPOa aurkitu diote txizan.

Kasualitatea izango da atzo Gure Aditua Katusha taldearen ingurukoan aritu izana. Behar bada taldean Colomen positibo honen berri bazuten eta hori dela eta erabaki izan zezaketen txirrindulariak era horretako klausula bat sina araztea. Zalantzarik gabe Katusha taldearentzat oso kaltegarria izango da Colomekin gertatu dena.

Gogoan dugu oraindik Euskal Herriko Itzulian Colomek izan zuen parte hartze nabarmena sailkapen nagusian bigarren geratu zelarik. Tropelako lehiaketan ere puntu mordoxka ederra bildu zituen Katushako txirrindulariak, 564. Hala ere ezin daiteke esan arauez kanpo korritu zuenik, publikoki horrelako ezer ez baita esan oraindik.

Dagoeneko ederki dakigu bezala, Colomek kontra analisi bat egiteko aukera izango du eta horrek denboraldi bat bizikletatik baztertzera eramango du. Oraingoz lehiaketetan parte hartzeari utzi beharko dio.

Positibo hau ez da aurtengo bakarra, orain hilabete t’erdi eskas Rebellinen positiboaz hitz egin baigenizuen. Urteko azkena izango al da?

Katusharen “klausula”

2009ko Katusha taldea

Atzoko berrietako bat Steegmansek Dauphiné Libéré proban irteterik izan ez zuela izan zen. Ez zen beste askotan bezala antolakuntzaren agindu bat izan, bere taldearena baizik.

Dirudienez, talde bertako Pfannberger austriarraren positiboaren ondoren, Katusha taldeko arduradunen beren txirrindulariei klausula bat sinarazi nahi izan die, non bertan, positibo arazo bat izan ezkero, euren urteko soldataren boskoitza izango litzatekeen isuna ordaindu beharrean izango liratekeen. Eta hori sinatu ez dutenak Steegmans, McEwen eta De Haes izan dira, ez dakit kasualitatea den edo ez, baina hirurak taldeko esprinterrak, Napolitano eta Swiftekin batera.

Katushako arduradunen hitzetan, ezin dute positibo bategatik, taldearen inguruan egon daitezkeen beste 60 pertsonen etorkizuna kolokan jarri, eta hortik euren erabakiaren arrazoia.

Ikusiko dugu beste taldeetan ere horrelako erabakirik hartzen den eta txirrindulariek zein jarrera hartzen duten.

Argi dago, honek atzetik eztabaida luzea dakarrela berarekin.

Astana, Livestrong ala talde txuri-urdin-horia

2009ko Giroan Astana taldea maillot hutsekinGogoan izango duzue nola Kazakhstango babesleekin Bruyneelen taldeak soldatak jasotzeko arazoak zituzten. Protesta gisara, Astana izenik gabeko maillotak eraman zituzten txirrindulari gehienek, batek izan ezik. Noski, Kazakhstandar izaki, Zeitsek ezin protestarekin bat egin.

Giroa lehiatzen ari ziren bitartean, era guztietako zurrumurruak sortu ziren. Horien artean indarrik gehiena hartu zuena Livestrong Armstrongen fundazio “multinazionalak” bere gain hartuko zuela taldea. Tourrean parte hartu nahi badu babesle eta txirrindularien arteko ordainketa guztiak normalduta izan behar dituzte eta konponketa horiek guztiak egiteko denbora gutxi dute. Kontrol lan horretan UCI aritu da. Bigarren urtez Tourrean parte hartu gabe Astana taldea?

Azken egun hauetan, ordea, bestelako informazioa iritsi zaigu komunikabideetatik. Dirudienez Kazakhstango babesleek apirila eta maiatzari dagozkien ordainketak egin dituzte eta horri eskerrak Luxenburgoko Itzulian, Dauphiné Libérén eta Tourrean parte hartzeko arazorik ez luketela izango san du McQuaid UCIko presidenteak. Badirudi, beraz, momentuko arazoak konponduta dituela Bruyneelen taldeak, baina Tourra amaitu ondoren eta Vinokourov eta Kaschekin zigorrak beteta itzultzen direnean auskalo zer gertatuko den egungo taldearekin.