Garai itxaropentsuak austriar txirrindularitzarentzat

Bernhard Kohl, mendiko errege

Egun handia izan zen iragan Uztailaren 27a austriar txirrindularitzarentzat. Aurreneko aldiz, herrialde honetako seme bat Tourreko amaierako podiumean izan zen. Bernhard Kohl gazteak, mendiko erregearen maillota soinean zuela, lasterketako hirugarren sailkatuari dagokion tokia zapaldu zuen.

90. hamarkadaren erdialdetik orain pare bat urterarte bere garaiko txirrindularirik saiatuenetako bat izatearen ohorea eduki zuen Austriak. Ez zuen beste askok beste eraso jotzen, baina George Totschnig urteak joan urteak etorri lasterketa askotan azaltzen zen aurrean. Ez zen irabazleegia izan garaipen batzuk izan arren. Postu on asko bildu zituen ordea. Lasterketa handiei dagokienez, 2003. urtean 12. sailkatu zen Tourrean, Giroan 5. izan ostean. Frantzian hurrengo urtean izango zuen sailkapenik onena, 7. hain zuzen. Baina bere kirol bizitzako unerik handiena, zalantza izpirik gabe, 2005ean Ax-3-domaines-eko gainean lortu zuen etapa garaipen bikainak (Alpeetako lurraldeko txirrindulari batek historian lortzen zuen bigarrena) suposatu zuen. Txirrindularitzak batzutan badaki zorrak kitatzen, eta momentu horietako bat izan zen hura.

Koxka bat beherago Peter Luttenberger aipatu behar da. Berez aurrekoak baino itxaropen handiagoak piztu zituen, Carrera taldean zela 1996. urtean Suitzako Itzulia irabazi eta Frantziako Tourrean 5. sailkatu ostean. Itxaropen horiek ordea ez zituen sekula gorpuztu. Eskalatzaile ona izan zen, baina kasu askotan talde gizon gisa erakutsi zuen muturra, arlo pertsonalean gehiegi nabarmentzerik ez baitzuen lortu.

Haien ondotik profesionaletan erreferentzia argirik izan gabe jardun du austriar txirrindularitzak. Gerhard Trampusch-ek ilusio faltsuak sortarazi zituen profesional berri zela. Gizon azkarrak bai, horiek eman izan ditu Austriak, baina sekula ere punta-puntako sprinterrak izatera heldu ez direnak. Peter Wrolich, Rene Haselbacher, ezaugarriz anitzagoa den Gerrit Glomser borrokalaria eta, maila apalxeagoan, Werner Riebenbauer aipatu beharko lirateke sail honetan. Bernhard Eisel izan zitekeen Austriak bilatzen zuen sprinter handi hori, baina ez dirudi munduko gizonik azkarrenekin lehiatzeko moduan izango denik.

Pfannberger, aurtengo Amstel Gold Race-en

Alabaina, aurtengo udaberrian txirrindularitza munduaren gorenean bere izena aditzera eman duen austriar bat azaldu da. Ardenetako klasikoetan lortutako emaitza txalogarrien ostean, Christian Pfannberger Barloworld-eko txirrindulariak bere lekua topatu du tropeleko handienen artean. Agerraldiak ez dira bat-bateko kontua izan ordea. Orain bi urte Austria eta Portugalgo itzulietan erakutsi zuen maila kasualitatearen fruitu ez zela erakutsi zuen iaz, berriz ere etxeko lasterketan maila onean aritzeaz gain Italiako udako klasiko dexentetan eta maila bat gorago jar daitekeen Alemaniako Itzulian bere burua aurrekaldean erakutsiaz, eta bide batez, baita gainean zuen herrialdeko txapeldunari dagokion maillota ere. Ospea 28 urterekin iritsi bazaio ere, baditu urteak bere dohainak zeintzuk diren erakusteko. Garailea ez izatea da seguru asko bere arazorik handiena.

Pfannberger-ek sortutako itxaropen argi hori Kohl-ek erabat piztea lortu du. Txirrindulari dizdiratsua ez izanagatik, maldan gora gizon sendoaren tankera eman du amaitu berri den Tourrean. Gainera, aurrekari onegirik izan ez arren (aurtengo Bavierako Itzulian akaso), erlojuaren aurka ere hala moduz moldatu da. Badirudi 2006ko Dauphiné-Liberén ikusi genuen estilo itsusi xamar baina pedalkada eraginkordun gazte hura bueltan dela. Urte horretanxe, Espainiako Vueltan etorkizun oparoa iragartzen zioten esanak betetzen ari zela, erorikoa izan eta etxera joan behar izan zuen. Ia aurtengo uztailerarte, tartean agerraldi ahul antzekoak izan baititu, mendirako balizkoa den talde gizon gisa bakarrik azaldu delarik.

Baina gauza ez da hor amaitzen. Berriki amaitu den eta urtetik urtera indar handiagoa hartzen ari den Austriako Itzulian Thomas Rohregger izan da garailea. Iaz Stijn Devolderrek azkeneko erlojupekoan ekidin zuen bere garaipena. Aurten ordea, falndestarraren ezaugarri antzerakotsuak dituen eta bere taldeak baztertua izan den Vladimir Gusev-ek ez du berdina erdiesterik izan. Iazko ekitaldian etapa erregina bereganatu zuen Rohregger-ek, Kitzbüheler Horn mendate gogorrean. Aurten gain berean Chris Anker Sörensen izan du aurretik, baina sari handiak, sailkapen nagusiarenak alegia, ez dio ihes egin. Abenduan 27 urte beteko dituela, badirudi eskalatzaile polit baten aurrean izan gaitezkeela.

Eta gurpil horretan hurrengoa bere taldekide Markus Eibegger gazteak behar luke. Bere herkideek bezalaxe, uda partean eman zuen mailarik onena iaz, Frantziako Route du Sud lasterketan batez ere. Aurten maila hori berresteko lanak izaten ari da, baina aurreko urteetan, oraindik profesional ez zela txirrindulari ona izan zitekeela erakutsi zuen, eta 23 urte izanda berarengan konfiantza eduki beharko da.

Azkeneko bi gizonok Elk Haus talde kontinental profesionalean dihardute, eta seguru asko zuzperraldi honen eragileetako bat talde hau bera izan da, txirrindulari pare bat salbu etxeko gizonez hornitzen den egitura baita. Pfannberger bera ere iaz arte bertan ibili zen. Elk Haus-ekin batera, Volksbank taldeak ere bere oinarria austriarrez osatzen du, barnean suitzar eta alemaniar zenbait ere aurki daitezkeen arren.

Azkenik, aurrez aipatutako Eisel-ek ere, sprinter handienen pare egoterik ez duelaz jabeturik, Flandeseko lasterketa handietan harbide gainean bere gorputz gihartsuari etekina ateratzeko moduan dela gogorarazi du, 2006an Française des Jeux taldean erakutsi bezala.

Garai itxaropentsuak beraz austriar txirrindularitzari iragar dakizkiokeenak, bai txirrindulari, talde zein lasterketei (edo, gutxienez, lasterketari) dagokienez. Beti ere bere txikitasuna kontuan izanda. Aurki Olinpiar Jokoak izango direla, baliteke Rohregger eta, batez ere, Pfannberger lehenengoen artean ikustea.

Argazkilaria: EFE/Carvas