Euskalteleko txirrindularien astea

Larrearen garaipena 2008ko Burgosko itzulianBerandu nator, bai, baina ez nuke aurreko astean Euskaltel-Euskadi talde euskaldunak izan dituen garaipenak aipatu gabe gehiago atzeratu. Nire aitak dioen bezala “berandu baina seguru!”.

Aurreko astean jokatu zen Burgosko itzulia eta bertan Fernandez de Larreak sprintean (nola ez) amaitu zen 3. etapan garaipena lortu zuen. Oker ez banako aurtengo 4. garaipena du gasteiztarrak. Bejondeizula Koldo!

Bigarren garaipena sonatuagoa izan da. Eta ez da harritzekoa lau urtez behin jokatzen diren joku olinpikoetan urrezko domina eskuratzea ez baita txantxetakoa. Samuel Sanchezek hori egun zuen Txinako harresiaren inguruan jokatu zen lasterketan. Asturiarrak “ESP” maillota eta Euskaltel-Euskadiko kaskoa buruan zuela eskuak aurpegira eraman zituen helmuga lehen postuan gurutzatu zuenean. Rebellin zaharrak (edo azeri zaharrak) zilarrezko dominarekin konformatu beharrean izan zen eta Cancellara brontzezkoarekin.Samuel Sanchezen garaipena Pekineko joko olinpikoetan

“Samu”k merezimenduz irabazi zuen. Andy Schleck eta Rebellinekin hiruko ihesaldia osatu zutenean Rogers eta Kolobnev atzean utzita gogor egin zuten lan garaipenaren bila. Baina benetan txalotzekoa eta ikaragarria Cancellarak egin zuena. Ez da lehen aldia hori egiten duena, baina benetan suitzarrak zangoetan duen potentzia martxan jartzen duenean ematen dituen erakustaldiekin ahozabalik geratzen naiz. Atzeko taldetik ihes egin (inor ez zen bera jarraitzeko gauza), Rogers eta Kolobnev aurrekoengandik 15 segundo ingurura zeudela harrapatu eta beraien aurretik tiraka jarri “Samu”, Schleck eta Rebellinekin bat egin arte. Itzela!! Bukaeran, ordea, “Samu”k dena eman zuen eta Cancellarak brontzearekin konformatu behar izan zuen. Ez du meritu makala suitzarrak bera bakarrik baitzen Suitza ordezkatzen. Italiarrak zilarrezko domina eskuratu zuen, baina nire ustez merezimendurik gabe. Andyk dominaren bat eskuratzeko meritu gehiago egin zituen, baina kirola horrelakoa da eta azeri zaharren aurrean indarra baino gehiago zuhurtzia gehiago dela erakutsi zen berriro ere.

Asteazkenean erlojupekoa jokatuko da. Goizeko 7:30etan hasiko da eta TVEk emango duelakoan nago. Baietz Cancellarak beste domina bat irabazi!


Eta dopinga ahaztu gabe

Gaur jakin dugu Maribel Moreno delako txirrindularia Txinaraino egun baterako joan zela. Bai, Pekinera iritsi, dopingaren aurkako kontrol sorpresa bat jasan eta antsietate krisi bat argudiatuz Espainiara bueltatu. Noski, gaur jakin da EPOz positiboa eman duela. Informazio gisa, ez omen da azken generazioko EPOa. Ez al dira txinatarrak gehiegi guztiak engainatu nahi izateko?

Harritzekoa. Espainiar txirrindulari batek positibo eman du. Kuriosoa, ez? Hala ere auzi honen guztiaren inguruan interesik gehiena erreakzioek piztu didate. Batez ere Jaime Lissavetzkyrenak, estatuko kirol idazkariarenak. Dirudienez zentzu handiko kazetari batek galdegin dio ia zergatik atzematen diren espainiar kirolarien positiboak atzerrian eta ez etxean. Bazen garaia norbaitek arduradun nagusi bati horrelako galderaren bat egiteko garaia!

Galderaren aurrean idazkariak Puerto Operaziora zuzendu da eta estatu espainiarrak dopina tapatu nahiko balu Puerto Operaziorik ez litzatekeela izango argitu du. Mesedez! Puerto Operazioak zer argitu du ba? Argitu baino gehiago tapatu egin duelakoan nago ni. Kasua artxibatuta dago eta Fuentes medikuaz gain inor gutxi zigortu dute. Hainbat eta hainbat izen, ezizen, odol poltsa,… argitu gabe geratu dira. Eta ez ahaztu guzti hura presio internazionalak bultzatuta izan zela. Espainiar estatuarengatik balitz ezer gutxi egingo zatekeen nahiago baitute Giroko, Tourreko eta Pekineko olinpiar jokoetako iraupen luzeko proben garaileak espainiarrak direla esatea dopina errotik moztea baino.

Argazkiak: www.vueltaburgos.com eta telegraph

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.