Sanchezek irabazi du Arraten; Itzulia, airean

Euskaltel-Euskadi taldea, iaz bezala, ez da esku hutsik joango etxeko itzulitik. Sanchezek irabazi du Arraten. Movistar taldeko Tondok erronka bota du Arrateko maldetan, baina haren atzetik zihoan bederatzikoteak harrapatu du azken kilometroetan. Larunbateko erlojupekora 10 ziklista iritsiko dira 10 segundoren bueltan, ostiraleko etapan inork ezustekorik ematen ez badu behintzat.
Continue reading “Sanchezek irabazi du Arraten; Itzulia, airean”

Martinek esku-eskura du Paris-Niza

Tira, agian, askotxo esatea da hori, kontuan hartuta 23 lagun daudela 29 segundoren bueltan, baina 5. etapak asko argitu ditu gauzak. Izan ere, gaur, ostirala, 27,5 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Rognes eta Aix-en-Provence artean, eta 5. etapako irabazle Klodenek 10 segundoko aldea bakarrik dauka alemaniarrarekiko. Adibidez, Algarveko Itzuliko erlojupekoan (17 km), otsail erdialdean, Martinek 30 segundo atera zizkien Klodeni eta Luis Leon Sanchezi. Continue reading “Martinek esku-eskura du Paris-Niza”

Nibali Vs Mosquera

Mosquera 2010eko VueltanHauek dira aurtengo Espainiako Vuelta lehiatuko duten bi txirrindulariak nire ustez ezbeharrik gertatzen ez bazaie behintzat. Gaurko etapan Puritok denbora ikaragarri galdu du eta Peter Velitsek, berriz, ikaragarrizko erlojupekoa eginda etapa eta sailkapen nagusian hirugarren postuan sartzea lortu du. Purito bostgarren aurkitzen da Frank Schlecken atzetik.

Italiarra eta galiziarra, beraz, aurrez aurre. 39 segundoko tarteak bereizten ditu biak italiarraren alde. Bihar eta etziko etapak arazorik gabe pasatzea izango dute helburu larunbatean Bola del Mundoko etapan duten guztia emateko lasterketa irabazteko.

Ni gaurkoan harrituta geratu naiz Mosqueraren erlojuaren aurkako lanarekin. Egia da Nibalik zulatua izan duela eta horrek denbora galarazi diola, baina egoera bikainean jarri da galiziarra. Lehia bizia ikusiko dugula uste dut eta apusturen bat egitekotan Mosqueraren alde egingo nuke. Ez galdetu zergatik.

Podiuma oraindik erabaki gabe dagoela iruditzen zait. Peter Velits sartu da baina Frank Schleck, Purito eta, zergatik ez, Tondo saiatuko dira eslovakiarrarekiko duten 1’45”eko atzerapena jaten podiumean sartzeko.

Larunbateko etaparen zain geratzen gara oraindik asko baitugu ikusteko.