Martinek esku-eskura du Paris-Niza

Tira, agian, askotxo esatea da hori, kontuan hartuta 23 lagun daudela 29 segundoren bueltan, baina 5. etapak asko argitu ditu gauzak. Izan ere, gaur, ostirala, 27,5 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Rognes eta Aix-en-Provence artean, eta 5. etapako irabazle Klodenek 10 segundoko aldea bakarrik dauka alemaniarrarekiko. Adibidez, Algarveko Itzuliko erlojupekoan (17 km), otsail erdialdean, Martinek 30 segundo atera zizkien Klodeni eta Luis Leon Sanchezi.

Lehenengo lau etapek ez dute askorako eman: ihesaldi bi iritsi dira helmugara eta esprint bi izan dira. De Gendtek (Vacansoleil) guztiak txunditu zituen lehenengo etapa irabazita, tropela gain-gainean zuela; bigarrenean Henderson (Sky) izan zen azkarrena esprintean; eta hurrengo egunean Gossek (HTC) irabazi zuen; laugarren etapa, berriz, klasiko batendako izan zen: Voeckler (Europcar).

Eta bosgarren etapan, mendiko lehen etapan, taldetxo bat helmugara iritsi eta Klodenek Samuel Sanchezi irabazi esprintean! Hamaika ikusteko jaioak gara… Irizarrek Andaluziako Itzulia irabazi ostean, Kloden “Gentlemen” -Irizarren beraren esanetan- beteranoaren erakustaldia gaur, denbora berean Brajkovic taldekidea eta segundo gutxira Leipheimer. Badu zerbait RadioShack taldeak…

Horrenbestez, Paris-Niza hasi aurretik faborito nagusia zen Martin, eta orain, are faboritoago da.  Pentsa, Tropelako lehiaketan, %71,8k hartu du, hor dago datua.

Van Garderen, Siutsou, Bak, Pate… talde ona dauka HTCk erlojupekoaren ostean geratzen diren bi etapetarako: zapatuan 215 kilometro izango dira Brignoles eta Biot artean, lehen mailako mendate bi izango dira, baina etaparen lehen zatian. Eta domekan azkeneko etapa jokatuko da Niza eta Niza artean (124 km). Etapa laburra, eta lehen mailako mendate bi azken 30 kilometroetan, azkena helmugatik 16 kilometrora.

Jakina, gaurko etaparen ostean, galtzaileak ere baditugu: Chavanel, Roche, Van Garderen, Porte, Vinokourov, Uran eta Sagan, besteak beste. Sagan… Paris-Niza irabazteko hautagaien artean sartu zuten, 26 minutu galdu ditu gaur, aurreko etapetan erorikoak izan ditu… Dena oker.

Horrenbestez, nire pronostikoa argia da: 2011ko Paris-Niza faborito nagusiak irabaziko du, Tony Martin (HTC) alemanak. Eta haren ondoan podiumean zein izango den jakitea… hori bai, hori oso gaitza da, minutu erdiaren bueltan oso ziklista onak daude-eta, bihar erlojupeko onak egingo dituztenak: Kloden bera, Samuel Sanchez, Brajkovic, Tondo, Luis Leon Sanchez, Kreuziger, Peraud, Rogers, Wiggins, Leipheimer… Esandakoa, izen on asko.

Edozelan ere, hona nire iragarpena: Martin irabazle, Brajkovic bigarren eta Tondo hirugarren. Bota zuen podiuma!

Argazkia: Roberto Bettini eta Fabrice Lambert