Hushovdek Norvegiako txapeldunaren maillotaren gainetik Munduko txapeldunarena jantzi du

Thor Hushovd Munduko txapeldun berria

Hushovd, Breschel eta Davisek osatu dute aurtengo podiuma. Bai, esprintean amaitu da, baina aukeratutakoen arteko esprint bikain batean. Gilbertek bere saiakera egin du baina azkenean ezin izan dio urrutitik jotako erasoari eutsi. Italiarrek ere lan bikaina egin dute baina dominarik gabe geratu dira gutxigatik Pozzato 4. sailkatu baita.

Goizean goiz jaiki beharra zegoen lasterketa ikusteko. Hasi hemengo 1:00etan hasi da eta TeleDeporten 4:15etan hasi da irudiak ematen. Jakinda 7:00ak eta 8:00ak tartean amaituko zela 6:00ak inguruan telebista aurrean jarri naiz nagiak atereaz. Eta ez naiz damutzen!!

Lasterketa polita ikusi dugu. Kontuan hartzeko datua pinganilorik gabe aritu direla da. Ni telebista aurrean jarri naizenean Kvachuk ukrainiarra zen lasterketaren lider aurreko ihesaldi baten fruitu. Baina notizia ez zen hori; tropel nagusia bitan zatitua zela italiarren lanaren ondorioz eta Cavendish, Sagan, Freire, Kolobnev eta beste zenbait izen nagusi atzean zirela. Aurrean Italia eta Belgika txirrindulari dezenterekin eta liderrekin, Pozzato eta Gilbertekin. Baina errenta minutu ingurukoa izan da.

Telebistan ez dituzte erreferentziak nahi bezain ondo eman eta bazirudien lasterketa aurrean zela. Batez ere Gilbert saiatu delako Nibali eta Viscontirekin aurrera egiten. Baina bi itzuli falta zirela tropel nagusiak (edo hobe esanda tropel nagusian geratzen ziren txirrindulariak) aurrekoak harrapatu dituzte. Mugimendu asko izan dira eta nagusiena Gilbertek egin duena izan da azken itzuliko azken aurreko malda gogorrean. Bera bakarrik aurrera joan da eta atzetik Evans eta Kolobnev besteak beste atera diren arren, belgikarrak 20 segundoko errenta lortu du.

Kilometro asko ziren, ordea, bakarrik egitekoak eta guztiak tropelak irentsi ditu. Azkenean esprinta jokatu da nahiz eta Gilbertek azken saiakera egin duen azken zuzengunean, eta hor Hushovdek bere potentzia guztia erakutsi du.

Aurretik esan bezala, bikaina Belgikak eta Italiak egindako lana. Italiarrek garbi zuten lasterketa nola bideratu behar zuten. Belgikarrek ere lan asko egin dute tiratzen eta erasoak jotzen Hoste eta Van Avermaet bezalako txirrindulariekin. Bi talde hauei egin dute lan bikaina txalotu beharra dago lasterketa benetan interesgarri egin baitute.

Australia ere oso ondo. Gerrans aurreko tropeltxoan tiratzen Evansen aukera baitzuten. Hauek behintzat domina eskuratzea lortu dute Davisen bitartez, beraz, ez dut uste kexarik izango dutenik.

Euskaldunei dagokionez Haimar Zubeldiak lan bikaina egin duela irizten diot. Italiarrek sortu duten mozketan sartu da eta Freireren aukerak indarra hartu duenean, kantabriarrari laguntzen izan da. Lehen euskalduna izan da, Espainiako selekzioko bigarren txirrindularia helmugaratzen.

2010eko taldeen analisia (XIII): Omega Pharma-Lotto, Philippe Gilbert-en zerbitzura atonduriko taldea

gilbertAzken urteetan, Cadel Evans buru, talde honek itzuli handiak ere izan ditu begi puntuan. Frantziako Tour-a batik bat. Dena dela, australiarrak taldea uztea erabaki zuen eta sorpresaz harrapatu zituen zaleak. Utzi zuen taldean harritu ez dakit, baina ez dut uste gehiegi ere larrituko zirenik. Urteetan, klasikoetan, udaberrian gehienbat, izan ditu talde honek bere helburu nagusiak.

Udaberriko klasikoetan paper polita eginez gero, urtea justifika dezake edozein talde belgikarrek eta azken urtean txirrindulari batek erakutsi badu klasikomano bikaina dela, Philippe Gilbert da hori. Gizon hori taldean izanik, ez zuten larritzeko arrazoi gehiegi.

Gilbert iaz lehertu zen. Profesionaletan hasi zenetik, beti izan ditu emaitza onak. Baina gehienetan gertatzen ez den bezala, Philippe Gilbert hasieratik bere inguruan sortutako aurre ikuspen guztiak betetzen ari da. Txirrindulari ausart eta ikusgarria da gainera, zaleoi gustatzen zaigun txirrindulari saiatua.Eta Omega Pharma-Lotto taldea Gilbert da. Edo alderantziz, taldea ezerezean geratzen da Gilbert gabe.

Hurbiletik jarraitzeko beste izenen bat aipatzekotan Jurgen Roelandts gaztea litzateke. 24 urteko txirrindulari honek oso denboraldi polita burutu zuen 2009an, garaipenik lortu ez arren, eta Australiako Tour Down Under-en gogoz hasi du denboraldia, 2 etapa eta sailkapen orokorrean top 10an kokatuaz bere burua.

Gainontzean, klasikoetan aurrean behar lukete Van Avermaert, Leif Hoste eta Van der Broek-ek. Lehenengoak segur aski klasikoetarako Gilbert-en ordezkoa behar luke edo hala behar balu taldekiderik indartsuena. Aukerak izan ditzake Gilbert sasoi betean iristen ez den edo gustuko ez dituen lasterketetan. Leif Hostek ere aukerak izan ditzake Paris Roubaix-en adibidez. Bigarrena aldiz Frantziako Tourrean izango da eta Dani Morenorekin batera taldeko erreferentzia izan daiteke sailkapen nagusira begira.

Itzuli handietarako Dani Moreno espainiarra fitxatu dute, baina ez dut uste Espainiako Itzulian 10 lehenengoetan sartzen saiatu eta Tour edo Vueltako mendiko etaparen batean aurrean ibiltzeaz aparte gehiegi ikusiko dugunik. Van Goolen da egin duten beste fitxaketa, kasu honetan Saxo Bank-etik. Wegelius aldiz, izan daiteke taldearen Girorako gizona.