Zer egin erlojuaren kontrako taldekako etapekin? [Inkesta]

Aspaldidanik daukagu zalantza erlojuaren kontrako taldekako etapetan puntuak banatu ala ez. Funtsean dagoen zalantza, ordea, ez da puntuak banatzea ala ez, baizik eta banatzekotan nola banatu.

Hori dela eta atzo Twitter bidez “inkesta express” bat egin genuen bi galderekin:

1. Erlojuaren kontrako taldekako saioetan puntuak banatu bai ala ez?
2. Nola eta zenbat banatu?

Hainbat erantzun jaso genituen (eskerrik asko erantzun zeniguten guztioi!) eta denetarik. Erantzun horiekin eztabaida gure blogera ekartzea nahi genuen eta inkestatxo bat antolatu dugu zuen iritzia jasotzeko asmotan.

Zuen iritziak entzuteko irrikitan gaude!

Aurten sariak izango ditugu!

2013ko sariakIazko urtean zehar ezin izan genituen saririk banatu baina aurtengo honetan sariak jartzeko moduan izango gara gure babesleei esker.

Alde batetik Frantziako Tourrerako sariak izango ditugu: sagardotegian otorduak (Ipintza sagardotegiak eskainia), Tropela.net maillotak eta txapelak eta Raul Perez Martinezek idatzi zuen Jacques Anquetilen biografia euskaraz. Sari gehiago izan daitezke eta gehitzen joango gara gure sarien atalean.

Urteko sailkapenari begira, berriz, www.TientaAzul.com webguneak eskainitako Phillips 40 hazbeteko telebista bikaina oparituko diogu aurtengo irabazleari, baita Tropela.net maillota ere bai. Hori bai, Tourrean eta gainontzeko lasterketatan bikain ibili beharko da sari hau eskuratu nahi baduzue!

Gogoratu Tropela.net maillot eta txapelak salgai ditugula nahi duzuen guztientzat.

Emakumeen Bira Tropelan izango da

Lehenik eta behin inkestan parte hartu duzuen guztioi erantzunak bidali izana eskertu nahi dizuegu, eta baita iruzkinak bidali dizkiguzuenoi ere. Zuen iritzia jakin nahi genuen eta eman diguzuen erantzuna –373 erantzun– oso positiboki baloratzen dugu.

Inkestaren postean agertzen genuen moduan, iaz emakumezkoen eliteko lasterketak gehitu genituen Tropelan eta bide horri jarraitu nahi diogu. Buruan genuen denboraldi hasieran Emakumeen Bira gure egutegian gehitzea, baina arrazoi teknikoak tarteko, aurreko astera arte ezin izan genuen ziurtatu. Arazo teknikoak gaindituta, denboraldian murgilduta gaudenez, aldaketa hau gauzatu aurretik zuen iritzia jakin nahi genuen. Emaitzak ikusita -postaren amaieran dituzue ikusgai – konfiantza gehiagorekin ekingo diogu aurrera eta dagoeneko Emakumeen Birako kiniela prestatzen ari gara buru belarri, Dauphiné Kriteriuma ahaztu gabe, noski!

Honenbestez, Tropelaren historian lehen aldiz, emakumeen proba batekin soilik antolatutako lehen lehiaketa izango dugu Tropelan: Emakumeen Bira 2013. Eta ondorioz, Euskal Herrian jokatzen diren eliteko 3 lasterketa izango dira aurtengo denboraldian Tropelan: Euskal Herriko Itzulia (apirilean jokatu zena), Emakumeen Bira eta Donostiako Klasikoa.

Kontuan izan Emakumeen Bira, datorren astean, ekainaren 6 eta 9 bitartean jokatuko dela, eta Dauphiné Kriteriumeko azken lau etapekin batera jokatuko dela.

Zuek eskatu bezala, gure aldetik, bai blogaren bidez eta baita podcasten bidez ere ahalik eta informazio gehien ematen saiatuko gara.

Eskerrik asko zuen babesagatik eta zorterik onena opa dizuegu guztioi. Jarraitu txirrindularitzaz gozatzen!

Birak Tropelan behar luke [Inkesta]

Iaz dagoeneko emakumezkoen lasterketak lehiatu genituen Tropelan. Aurten ere denboraldiari bide beretik ekin diogu eta Ardenetako Hirukotean emakumezkoen Fleche Wallone lasterketa gure lehiaketako parte izan zen.

Ekainaren hasieran jokatuko da emakumeen egutegiko lasterketa garrantzitsuenetako bat: Emakumeen Bira. Begiratzea besterik ez dago azken bi urtetako garaileak zein izan diren horretaz jabetzeko: Arndt (2012) eta Vos (2011).

Lasterketa hau emakumezkoen nazioarteko egutegian duen garrantziagatik eta bertako lasterketa bat delako, gure ustez Tropelaren egutegian gehitu beharrekoa da.

Hala eta guztiz ere, denboraldia abian dugunez, egutegia moldatu aurretik zuen iritzia jakin nahiko genuke behin gurea argi utzita. Horretarako inkesta hau gehitu dugu. Zein da zuen iritzia?

Hauxe izango da Tropelaren 2013ko egutegia

2013ko txirrindularitza denboraldia Tour Down Under eta San Luiseko itzuliarekin hasi da. Pixkanaka pixkanaka gero eta lehiaketa gehiago ari dira jokatzen (Etoile de Bessèges, Qatar, Mediterraneoko itzulia,…) eta honekin batera Tropelan izango diren lasterketetara hurbiltzen hasi gara.

Orain arte egin dugun moduan Paris-Nizarekin ekingo diogu denboraldiari. Lasterketa hau martxoaren 3an hasiko da eta guk, ohi dugun legez, lehenago kinielak egiteko aukera irekiko dugu. Bederatzi izango dira aurreikusten ditugun lehiaketan aurtengo urte honetan, ondorengo hauek hain juxtu ere:

1.- Paris-Niza: 2013-03-03 / 2013-03-10

2.- Euskal Herriko Itzulia: 2013-04-01 / 2013-04-06

3.- Ardenetako Hirukotea (Amstel, Flèche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja): 2013-04-14 / 2013-04-21

4.- Italiako Giroa: 2013-05-04 / 2013-05-26

5.- Dauphiné Kriteriuma: 2013-06-02 / 2013-06-09

6.- Frantziako Tourra: 2013-06-29 / 2013-07-21

7.- Donostiako Klasikoa: 2013-07-27

8.- Espainiako Vuelta: 2013-08-24 / 2013-09-15

9.- Munduko Txapelketa: 2013-09-24 / 2013-09-29

Nahi izan ezkero hemen duzue egutegia .ICS formatuan zuen smartphone, ordenagailu edo egutegi zerbitzuetara igo ahal izateko: “Tropela.net 2013 egutegia”.

Gogoan izan aurten ere Urteko Sailkapena izango dugula, urteko puntu guztiak batuta osatzen dugun sailkapen hori.

Zer iruditzen zaizue aurtengo egutegia? Lehiaketa nahikoa, gutxiegi ala gehiegi al dira? Aldatzekotan zer aldatuko zenukete? Ohi bezala zuen iritziak entzuteko prest gaude.

Ea Tropelako denboraldia laster hasten den; gu behintzat jada irrikaz gaude!!