577 Tropela.eus podcastak: 2025eko Paris-Roubaix

Asteburu honetan jokatuko dira Paris-Roubaixeko klasikoak, gizonezko zein emakumezkoena.

Podcast honetan Iban Perez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) ohiko solaskideek, Itzuliako 3. etapan Alex Aranburuk (COF) izandako auzia aipatzeaz gain, larunbatean jokatuko den emakumezkoen Paris-Roubaix eta igandean jokatuko den gizonezkoena izan dute hizpide. Seguru lagungarri zaizuela kinielak prest izateko! Zorte on!

Podcastera harpidetu

576 Tropela.eus podcastak: 2025eko Flandriako Tourra eta Itzulia

Igande honetan jokatuko dira Flandriako Tourreko klasikoak, gizonezko zein emakumezkoena. Horretaz gain, astelehenetik aurrera, Itzulia izango dugu gure errepideetan. Gogoratu gainera aurtengo Itzulian ere Laboral Kutxaren babestutako sailkapena izango dugula sari zoragarriekin.

Podcast honetan Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) ohiko solaskideek Flandriako klasiko handiaren eta Itzuliaren inguruko kinielei bistadizo bat ematen diote. Seguru lagungarri zaizuela kinielak prest izateko! Zorte on!

Podcastera harpidetu

Gaur Tropelak 20 urte!

Atzo izan balitz bezala dugu gogoan nola ekin genion proiektu honi orain dela 20 urte. A ze garapena izan duen Tropelak eta baita geuk ere! Atxikitako bideoa ikusi besterik ez duzue.

Txirrindularitzarako griñak, sarean zegoen mugimenduak eta euskararen erabilera sustatzeak eragin zuen Tropelaren jaiotza. Gaur ere hiru oinarri horiek eusten dute Tropela dagoen lekuan. Nabaria da, ezta?

Ibilbide luze honetan mugarri hauek aipatu nahiko genituzke:

  • 2005eko Tourrarekin abiatuta, egun lehiaketak gehitzen joan gara egutegi oparo eta orketatu bat osatuz.
  • Emakumezkoen lasterketei ikusgarritasuna. 2012an gehitu genuen lehen lehiaketa, Londoneko Olinpiar Jokoetakoa hain zuzen ere.
  • Tropela.net-etik abiatu eta Tropela.eus-en jarraitu. Ezinbestekoa zen PuntuEUSen ekimenarekin bat egitea.
  • Hizkuntza gehiago gehitzen joan gara erabiltzailek eskaeran jarraituz, tartean katalana, galiziera, asturiera eta flandriera.
  • Itzulia eta Emakumeen Bira sarean egoki zabaltzen lagundu genuen. Harro sentiarazten gaituena Itzulia hitza nazioartean bultzatu eta egonkortzen Tropelak egindako lana da zalantzarik gabe.
  • Hainbat webgune berritze urte hauetan guztietan zehar, aurtengoan egin bezala, teknologia berrietara egokituz.
  • Sare sozial, podcast, blog,… euskararen erabilpena txirrindularitzan normalizatu asmoz.

Eta seguru beste asko aipatu gabe utzi ditugula.

Zorionak Tropela! Zorionak zuei guztioi, denon artean osatzen baitugu proiektu bikain hau!

LaLigak Tropela.eus-en erabilpena baldintzatu du (eguneratua)

Javier Tebas Mendrano jaunak zuzentzen duen LaLiga erakundeak, Tropela.eus-erako konektatzeko arazoak eragin ditu asteburuan zehar bai Euskal Herrian bai penintsulako beste hainbat lekutan ere, beste makina bat webguneri gertatu zaien bezala. Nork pentsatuko zuen futbola Tropela blokeatzeraino iritsiko zenik! Gaur hori baiezta dezakegu.

Egia da denboraldi hasieran aplikazio berria jarri dugula martxan eta horrek zailtasun batzuk sortarazi dizkigula, espero genituenak neurri batean. Berrikuntzen artean segurtasuna ere ardatz hartu dugu eta horregatik Cloudflare zerbitzua txertatzea erabaki genuen. Teknikoki zalantzarik ez dugu erabaki zuzena izan dela. Espero ez genuena zen, ordea, LaLigaren handikeria guganaino iritsiko zenik.

Iaz gogor aritu zen Javier Tebas Mendrano jauna pirateria kontra, futbolaren erronkarik handiena bera zela argudiatuz. Bide horretan, LaLigak pirateriaren kontrako borroka hori gauzatzeko, badirudi Cloudflareko makina bat IP helbide blokeatzen hasi direla Espainiako zenbait internet zerbitzu emaile azken egunetan. Eta asteburu honetan, 2025ko martxoaren 8 eta 9a, Tropelari tokatu zaio. Izan ere asteburu guztian zehar eta gaur gauerarte, tarteka izan da Tropelara sartzeko aukera. Eta hau era desberdinean pairatu duzue erabiltzaileok, internet hornitzaileen baitan afekzioa desberdina izan baita.

Cloudflare berak adierazi zuen akzio legalak hartuko zituela kontu honen inguruan internetaren askatasuna urratzen ari direlako.

Geuk ere hori uste dugu, ez baitzaigu normala iruditzen, inongo abisurik gabe, interneteko zerbitzu legalak erabilita – kasu honetan Cloudflare-, webgune guztiz legitimo bat, Tropela.eus den bezala, blokeatuta geratzea. Gaur hori egin dute penintsulatik Tropelara konektatzen saiatzean: sarrera blokeatu. Ez gara bakarrak izan, izan ere aurreko asteburuan arazo bera izan zuen Berria.eus webguneak.

Espero dugu astean zehar arazo gehiagorik ez izatea – LaLigako partidarik ez dagoelako- . Ez dakigu, ordea, hurrengo LaLigako jardunaldian arazoak izango ditugun ala ez. Edozein kasutan, zerbait pentsatu beharko dugu LaLigaren “bolanta sare honek” berriro ere harrapa ez gaitzan.

Jakin, beraz, asteburu honetako arazoa ez dela geurea izan, LaLigarena baizik.

Alternatibarik?

Berriz gertatzen bada, VPN bidez saia gaitezke, izan ere sarbide blokeoa Espainian ematen ari da. Beraz, beste herrialderen batean bageunde bezala nabigatu ezkero, posible izan behar litzaiguke arazo hori gainditzea. Horretarako aukera desberdinak badaude ere, Tropelatik 1.1.1.1 zerbitzua erabiltzea gomendatzen dizuegu. Berau Cloudflare berarena da eta doakoa. Behin erabiltzen hasita, ziurtasuna ematen duen zerbitzuak erabili, aukera honen moduan. Gainontzean Proton VPN (konexio bat doan eskaintzen du) edo NordVPN aipa genitzazke.

575 Tropela.eus podcastak: 2025eko Paris-Niza

Igande honetan abiatuko da 2025eko Tropelako lehen itzulia: Paris-Niza.

Podcast honetan Lander Garro (@landergarro) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) ohiko solaskideez gain, Eñaut Urkaregi txirrindulari gaztea izan dugu gonbidatu gisa. Bertan Eñauten txirrindularitza ibilbideaz eta etorkizunaz aritzeaz gain, Paris-Nizako kiniela repasatu dugu. Zabaldu mezua!

Podcastera harpidetu