
Javier Tebas Mendrano jaunak zuzentzen duen LaLiga erakundeak, Tropela.eus-erako konektatzeko arazoak eragin ditu gaurko egunean zehar bai Euskal Herrian bai penintsulako beste hainbat lekutan ere, beste makina bat webguneri gertatu zaien bezala. Nork pentsatuko zuen futbola Tropela blokeatzeraino iritsiko zenik! Gaur hori baiezta dezakegu.
Egia da denboraldi hasieran aplikazio berria jarri dugula martxan eta horrek zailtasun batzuk sortarazi dizkigula, espero genituenak neurri batean. Berrikuntzen artean segurtasuna ere ardatz hartu dugu eta horregatik CloudFlare zerbitzua txertatzea erabaki genuen. Teknikoki zalantzarik ez dugu erabaki zuzena izan dela. Espero ez genuena zen, ordea, LaLigaren handikeria guganaino iritsiko zenik.
Iaz gogor aritu zen Javier Tebas Mendrano jauna pirateria kontra, futbolaren erronkarik handiena bera zela argudiatuz. Bide horretan, LaLigak pirateriaren kontrako borroka hori gauzatzeko, badirudi CloudFlareko makina bat IP helbide blokeatzen hasi direla Espainiako zenbait internet zerbitzu emaile azken egunetan. Eta gaur, 2025ko martxoaren 9a, igandea, Tropelari tokatu zaio. Izan ere egun guztian zehar eta gaur gauerarte, tarteka izan da Tropelara sartzeko aukera. Eta hau era desberdinean pairatu duzue erabiltzaileok, internet hornitzaileen baitan afekzioa desberdina izan baita.
CloudFlare berak adierazi zuen akzio legalak hartuko zituela kontu honen inguruan internetaren askatasuna urratzen ari direlako. Geuk ere hori uste dugu, ez baitzaigu normala iruditzen, inongo abisurik gabe, interneteko zerbitzu legalak erabilita – kasu honetan CloudFlare-, webgune guztiz legitimo bat, Tropela.eus den bezala, blokeatuta geratzea. Gaur hori egin dute penintsulatik Tropelara konektatzen saiatzean: sarrera blokeatu.
Espero dugu astean zehar arazo gehiagorik ez izatea – LaLigako partidarik ez dagoelako- . Ez dakigu, ordea, hurrengo LaLigako jardunaldian arazoak izango ditugun ala ez. Edozein kasutan, zerbait pentsatu beharko dugu LaLigaren “bolanta sare honek” berriro ere harrapa ez gaitzan.
Jakin, beraz, gaurko arazoa ez dela geurea izan, LaLigarena baizik.